Matraka.info

Gazteok matraka egitera goaz!

behatzmore

Nintendoren apustu ziurra

Nintendoren apustu ziurra

MARIO KART WII

Nintendo etxearen abiadura jokorik esanguratsuena eta ezagunena da Mario Kart. Mario, Luigi, Peach, Donkey eta Nintendo etxeko gainerako pertsonaia famatuekin jolastuko gara.
Kart itxurako auto motordunekin eta bi gurpileko motoekin jolastu ahal da. Bakarka jolasteko lau aukera ematen ditu. Lehena, Grand Prix izenekoa. Irabazi ahala, beste zirkuitu batzuk probatu eta beste pertsonaia batzuk lortzeko aukera izango da. Bigarrena aukera erlojupekoa da, denborak hobetzen joateko. Hirugarrena Carrera Vs izenekoa, lagunekin lehian aritzeko. Eta, azkenik, Batalla deritzona. Azken bi aukeretan, lauko taldetan ere aritu gaitezke nor baino nor gehiago. Era berean, Internet sarean jokatuz gero, hamabi lehiakide izatera irits gaitezke. Ikusgarria!
Helburua, beraz, lasterketak irabaztea izango da, horretarako kontrarioei ahalik eta kalte gehien eginez. Gidatzeko ere hiru aukera eskaintzen ditu: bolantearekin, Wii-aren Nunchako izeneko urrutiko kontrolaren bidez eta GameCube-aren kontrolaren bidez.
Grafiko aldetik, oso joko koloretsua da, eta funk estiloko musika dauka lagun. Mario Kart jokoak ondo pasatzeko aukera andana emango digu. Izan ere, 32 zirkuitu, estra mordo bat eta sarean jokatzeko aukera ditu. Ziur ez dugula aspertzeko betarik izango.

Ideia berrien arrakasta

BEHATZ MORE: PATAPON

Sony etxeak estrategia joko xelebre bat du. PSP eramangarrirako egindako joko horrek, itxura berezi bezain erakargarria du, eta behin eta berriz jolasteko gogoa ematen du.
Jokoak begi bakarreko tribu primitibo bateko jainkoaren rolean jartzen du jokalaria, Patapon izeneko tribuko jainkoa, hain zuzen. Jokalariak, jainko gisa, munduaren azkenera heltzen lagundu behar die tribuko kideei. Erritmoa baliatu beharko du horretarako. Alegia, urrutiko kontroleko botoi bakoitzak danbor hots bat ordezkatuko du. Hainbat melodia sortuz aginduak emango dizkie patapondarrei: oinez ibiltzeko, eraso egiteko, babesteko... Horrela maila bakoitzaren amaierara ailegatzen lagunduko die.
Hainbat talde sortu ahal izango dira, borroka garaietan askotariko estrategiak martxan jartzeko balioko duten taldeak. Maila bakoitzaren amaierako etsaiak, berriz, izugarri handiak dira, baina inurriz osatutako gudaroste bat zuzenduko balitz bezala, lortuko da jokoan aurrera egitea.
Umorea izango da, bestalde, jokoaren ardatza. Grafikoki originala da, eta oso irudi politak ditu. Jokoaren iraupena luzea izango da. Ez baita erraza aurrera egitea, eta behin eta berriro egin beharko da ahalegina. Joko benetan berezia da, gomendagarria.

Olinpoko zaindaria

GOD OF WAR: CHAINS OF OLYMPUS

Orain arte PSPrako atera den joko bikainenetakoa da God of War: Chain of Olympus. Grezia klasikoan girotua dago, eta paisaien diseinua eta tamaina ikaragarriak dira, aho zabalik uzteko modukoak. Zortzi agertoki ditu guztira, besteak beste, Hades, Helios, Atenas, Olinpo...
Chains of Olympus jokoan etsai nagusia Morfeo eta haren gudarostea izango dira. Haien helburu nagusia Eguzkiaren Erregea garaitzea izango da, Olinpo mendean hartu ahal izateko. Gure lana, puzzle eta plataforma ugari tarteko direla, ehunka etsai akabatzea izango da, jokoan aurrera jarraitu ahal izateko.
Agertoki bakoitzaren bukaeran, etsai erraldoi bat azaltzen da. Etsai izugarri horiek pertsonaia mitologikoetan oinarritzen dira: Ziklopea, Persefone, Atlas eta Karonte, besteak beste.
Baina horrek guztiak ez luke zentzua izango pertsonaia nagusirik gabe. Kratos du izena jokoko protagonistak, Espartako mamua.
Grafikoki, ez da orain arte horrelako lanik egin PSPrako. Bikaina da. Baita pertsonaia, etsai eta agertokien aldetik ere. Zortzi ordu luzez jolasean aritzeko aukera eskaintzen du jokoak, eta ez dugu izango urritiko kontrola uzteko tarterik. Behin jokoa amaituta, errepikatzeko gogoa ere izango dugu. Horixe izan daiteke duen alde txarra, motz geratzea.

Rol joko gozagarria

Rol joko gozagarria

LOST ODYSSEY

Final Fantasy rol joko famatuaren sortzaileen eskutik dator abentura zoragarri hau. Gerran dauden bi herrialderen arteko gatazka da istorioaren hari nagusia. Jokoko bost protagonistei makina bat arazotatik ihes egiten lagundu beharko zaie abentura osoan. Lost Odyssey-ren mundua arriskuz betetako leotzez eta hiri ikusgarriez osatuta dago. Leotzetan arriskua eta borrokak izango dituzte etengabe. Hirietan, berriz, abenturan aurrera egiteko beharrezkoak diren arma, janari, botere... erosteko edo eskuratzeko aukera izango da.
Rol jokoen ezaugarri nagusiak esplorazioa, borrokak eta gidoi interesgarri bat izaten dira. Fikziozko mundu zabal bateko txokoak miatu, jendea ezagutu eta joko txikietan parte hartu. Tarteka borrokak izango dira, mailaz igo, dirua lortu eta sariak jasotzeko noski... Baina horri guztiari zentzua emateko beharrezkoa da gidoi on bat, eta Lost Odyssey jokoak badauka. Zirrara berezia sorraraziko du istorio horrek, hain zuzen.
Grafikoki kalitate izugarria dute pertsonaiek, baita agertokiek ere. Musikari dagokionez, Final Fantasy jokoetan aritua den Nobuo Uematsuren lana dago Lost Odyssey honetan. Lan bikaina. Rol jokoen zaleentzat 30 ordutik gorako joko eskaintza ederra, eta hasiberrientzat jolaserako modu berri bat ikasteko aukera.

Maisua auto jokoetan

Maisua auto jokoetan

GRAN TURISMO 5 PROLOGUE

Auto jokoez eta une berean simulatzaileez hitz egiterakoan, Gran Turismo jokoa datorkigu gogora. PStik hasi, PS2tik pasa eta PS3rainoko jauzia egin du jolas honek, eta autoen munduan erreferente da oraindik. Benetako auto markak, modeloen irudi perfektuak eta ekipo handi baten lana, auto bakoitzak berezitasun guztiak izan ditzan. BMW M3 baten kasuan, esaterako, motor hotsak eta gidatzeko moduak benetako batekin gaudela amets egiten utziko digute.
Zalantzarik gabe, azken belaunaldiko telebista batek etekin osoa aterako dio jokoari, batez ere dituen grafikoei dagokienez. Baina edozein etxetako telebistan ere itxura bikaina ematen du. Jokoaren aurrerapenak 76 auto ditu, hala nola Nissan, Volkswagen eta Ferrari etxekoak. Eta, gainera, auto horiek sei zirkuitutan probatzeko aukera paregabea izango da: Londres, Suzuka...
Jolasean hasteko auto bat erosi beharko dugu, normaletakoa. Probak gainditu ahala, diru sariak jasoko ditugu eta auto hobea erosteko aukera izango da, baita beste proba batzuetan parte hartzekoa ere. On line moduan jolas eginez gero, beste 16 gidarirekin batera egin dezakegu. Aukerak, beraz, amaigabeak, eta zirrara ere nahi bezainbestekoa. Zer gehiago eska diezaiokegu joko osoari Hasi probatzen!

Futbolarekin gozatu

PRO EVOLUTION SOCCER 2008

Nintendoren Wii kontsolak futbolera egin du salto martxoan merkaturatu zuen joko honekin. Konami konpainia indartsua dago lan honen atzean, eta eskaintza borobila jarri digu eskuartean.
Pro Evolution Soccer PES jokoa, FIFA jokoekin batera, futbolzaleen erreferentzia izan da Play Station eta XBOX kontsoletan. Urtez urte jokoen aukerak, grafikoak, jostagarritasuna eta dibertsioa eredu izan dira, eta bi futbol joko hauen arteko lehia ikaragarria sortu da. Gaur hizpide dugun jokoak beti izan du simulagailu fama, eta, beraz, jokatzeko zailagoa da.
Hala ere, joko aparta da, eta Wii kontsolaren urrutiko kontrolari esker, orain arteko joko sistema aldatu egiten da. Jokalariak kontrolatzeko unean aukerak bikoizten ditu. Eta, gainera, beste kontsoletan baloia daraman jokalaria soilik kontrola dezakegu, gainerakoak ordegailuak kokatzen ditu. Hemen, aldiz, kontrolagailu batekin baloia daraman jolakaria kontrolatuko dugu, eta beste batekin taldeko beste jokalariak zelaian kokatu ahal izango ditugu. Aukera horiek baliatzeko jokoak bista orokorragoa eskainiko digu, jokalariak hobeto ikusteko eta nahi bezala mugitzeko.
Partidan gehiago murgiltzen lagunduko digu sistema berri honek, joko bikain bati zuku guztia ateraz. Saio ausarta benetan.

Jolasa, tiroen aitzakian

Jolasa, tiroen aitzakian

ARMY OF TWO

Electronic Art konpainiaren eskutik dator shooter hau. Alegiazko guda batean oinarrituta dago abentura, eta bi mertzenarioren lekuan jartzen gaitu. Joko honetan, tiroak izango ditugu alde guztietatik.
Gerra da mertzenarioentzat negozio bikainena, eta guk Rios edo Salem, bietako bat aukeratu beharko dugu, jokoan aurrera egiteko. Mota honetako joko gehienetan bezala, hirugarren pertsonan garatzen da jokoa.
Elkar laguntzea ezinbestekoa da aurrera egiteko, eta horrek zirrara handia ematen dio jokoari. Lagunari etsaiak nahasteko aginduak eman eta ondoren norberak etsaia garbitu... Ibilgailu bereziak izango ditugu ibilbideko une bakoitzean: parapentea, hovercraft izeneko itsasontzi berezia... Grafiko aldetik oso itxura ona du, eta hori agertoki handietan oso ondo ikus dezakegu, hala nola Somalian, Afganistanen eta Miamin.
Jokalari askok jokatzeko modua ere bikaina da, tentsio ikaragarria sorrarazten baitu. Hala ere, jokoak erritmo nahiko geldoa du eta hori izan dezake bere aurka.
Gaztelaniara itzulita dago eta jokoaren iraupena 10 ordu ingurukoa da. Estrategia ugari duen joko hau martxoaren 13an merkaturatu zuten eta gerra jokoetan zaleak direnentzat benetan gomendagarria da.

Jostagarria eta polita!

ZACK & WIKI

Nintendo etxeak Wii-rako sortutako abentura honek aukera berri ugari eskaintzen ditu, bereziki jostagarritasunari dagokionez. Capcom konpainia dago lan bikain honen atzean,
eta dagoeneko mertakuan dago, zaleen gozagarri.
Altxor eta aberastasunen bila dabiltzan bi pirata ditu protagonista. Barbaros izeneko kortsario famatuaren gorpua madarikatu eta eskeleto bilakatu dute. Gorpuaren 16 pusketa zortzi lekutan gorde dituzte. Madarikazioa hausteko hezurdura osatu beharko dugu, puzzle ugariren ostean. Horretarako, gure irudimenaz gain, Wiimote gailu berritzailea erabiliko dugu abenturan aurrera egiteko. Besteak beste, zerra balitz bezala erabiliko dugu egurra mozteko, erraketa moduan, arrantzarako... Kablerik gabeko urrutiko kontrol honek mugimendu sentsoreak ditu. Aparta da!
Grafikoki, marrazki bizidunetako film batean sartzea bezala da. Eta protagonisten kontrolari dagokionez, nahiko erraza eta originala da. Hala ere, baditu zailtasun handiko zatiak. Puzzleak gainditzeko, irudimena erabili beharko dugu, aukera bat baino gehiago egon daiteke eta! Gutxi gorabehera 30 orduko iraupena du jokoak, eta musika ere oso ona da.
Orokorrean joko bikaina, originala eta berritzailea dela esan dezakegu.

Deabru hiltzaileak

Deabru hiltzaileak

DEVIL MAY CRY 4

Capcom konpainia arrakastatsuaren eskutik dator Devil May Cray jokoaren laugarren ale hau ere. Akzio izugarria eskaintzen du jokoak, eta otsailaren 8an merkaturatu zuten, XBOX 360 eta PS3rako. Aurreko aleekin alderatuta, protagonistetan du aldaketa nabarmena. Orain arteko pertsonaia nagusiari, Danteri, Nero gehitu zaio, eta bien arteko elkarlanari esker, deabru guztiak hil daitezke.
Hogei mailatan, borroka izugarriez gozatzeko aukera ematen du jokoak, eta gutxi gorabehera hamabi orduko iraupena du. Puzle txikiak eta plataforma bereziak ere baditu tartean, neurri batean aurrera egiteko aukerak zailtzeko. Agertokiak ikaragarriak dira; orain arteko aleetan bezala, giro gotikoan oinarrituak. Maila bakoitzeko boss edo jefe izenekoek tamaina izugarria dute. Horri grafikoak alor guztietan bikainak direla gehitzen badiogu, puntako jokoa dela ohatuko gara.
Testuak gazteleraz agertzen diren arren, ahotsak ingelesez entzuten dira. Eta musikari buruz zer esan... oso indartsua da! Iraupen handiko jokoa ez den arren, behin eta berriro jolasteko tentazioa handia izango da.
Aurreko aleen aldean berritzailea ez den arren, abentura azkar eta ikusgarri bati heltzeko aukera ematen du. Gomendagarria oso.

Mitoa itzuli da

Mitoa itzuli da

TOMB RIDER: UNDERWORLD

Nork ez du ezagutzen Lara Croft arkeologoa Joko berri batean ikusteko aukera izango dugu urte honen amaierarako. Crystal Dinamics konpainiaren eskutik datorkigu azken azle hau ––aurreko biak bezala––, eta belaunaldi berriko kontsolek duten indarraz baliatuko da, lan bikaina eskaintzeko.
Eidos konpainiak kaleratu zituen lehen aldiz arkeologo honen abenturak. 1996. urtea zen, eta orduko Sega Saturn eta PlayStation kontsoletan agertu zen, arrakasta izugarriarekin. Akzioa eta plataformak egoki uztartzen zituen, eta jolakariari abenturaren parte zela sentiarazten zion. Arrakasta horrek etengabe ekarri zituen pertsonaia nagusi bera izango zuten joko berriak. Lara Croft bideo jokoen historiaren parte bilakatu da urteetan, eta haren abentura berriren bat kaleratzean ikusmira handia sortzen da. 2003an, PSPn sartu zen, eta 2008an belaunaldi berriko kontsoletan izango dugu: PSP3 eta XBOX 360n aurrena, eta gero PS2, Wii eta DSrako bertsioetan.
Teknikoki aparta izango dela diote adituek. Efektu txikiek itxura ezin hobea eskainiko dute, belaunaldi berriko kontsolei esker. Agertokiak ikaragarriak izango dira, munduko txoko exotiko eta zirraragarrienak bisitatuko baititu. Ez du on-line jokatzeko aukera izango, baina, hala ere, Lara zaleak itzuleraren zain egongo gara.

Originala eta arrakastatsua

Originala eta arrakastatsua

ERAMANGARRIAK: NINTENDO DS

Nintendoren jostailutxoaz hitz egingo dugu aste honetan. Nintendo DSri buruz, hain zuzen. Pantaila bikoitzeko eramangarri honek, sekulako arrakasta izan du mundu osoan.
Berezitasun nagusia–pantaila bikoitza izateaz gain– pantaila ukigarria izatea da. Ezaugarri horrek, jokoen originaltasunari dagokionez, aukera ikaragarriak ematen dizkio. Eta orain arteko jolasteko moduari bestelako zentzua eman dio. Mota guztietako erabiltzaileentzako jokoak eskaintzen ditu, eta publiko berria bereganatu du. Gaztea eta ez hain gaztea. Bereziki ezagunak egin dira Brain Training estiloko jokoak. Adimena lantzeko balio duten horietakoak.
Teknikoki, beharbada, ez da PSPa bezain indartsua, baina jolasteko moduari eta dibertsoari esker ia ez da PSParen multimedia zerbitzuen beharra somatzen. Eramangarriaren bi pantailetan irudiak 3Dn ikusten dira. Ez da gai bere kabuz bideoa edo MP3 formatuko musika eskaintzeko. Baina gehigarri estereo jakinak gehituta zenbait funtzio lor ditzake. DSren aurretik Game Boy Advance eramangarria zuen Nintendok kalean, eta jokoak bateragarriak dira bietan.
Nintendok apustu garrantzitsua egin zuen DSrekin. Grafikoki sekulakoa izan beharrean, jolasbideari lehentasuna emanez. Eta bete-betean asmatu du.

Eramangarria baino gehiago

Eramangarria baino gehiago

ERAMANGARRIAK: PSP

Datozen bi asteetan, belaunaldi berriko bi kontsola eramangarriei buruz hitz egingo dugu: Sonyren PSPa eta Nintedoren DSa.
Sony etxearen PSPa teknikoki ikaragarria da, eramangarria dela kontuan hartuta. Multimedia gailu bat dugu esku artean, orain arte kontsola eramangarri bati eman zaizkion baliabide handienekin.
2005ean merkaturatu zen, eta ordutik iragan Gabonetara arte, 30.000.000 milioi ale saldu dira mundu osoan. Motaren arabera, 170 eta 210 euro artean eskura daiteke.
Jokoei dagokienez, grafikoki bikaina da, zenbaitentzat ia PS2 bezain ona. Besteak beste, PS2ko joko arrakastatsuenen bertsioak egin dituzte PSPrako.
Jokatzeko aukeraz gain, beste hainbat ere eskaintzen ditu. UMD izeneko GB1eko diskoa erabiltzen du, bai jokoetarako eta baita filmak ikusi ahal izateko ere. Kontsola eramangarri honek Memory Stick Pro Duo txartelentzako sarrera bat dauka, besteak beste, musika, filmak eta argazkiak gordetzeko. USB kable baten bidez, PS3ra era konekta daiteke, eta Slim Lite motakoa, berriz, telebistara, bertan jokatu nahi izanez gero. Azkenik, Internet sarera konektatzeko aukera ere badu, Wi-Fi konexioari esker. Beraz, aukera asko eskaintzen ditu eramangarria izateko.



www

Trikuen bizi-kalitatea
Trikuen bizi-kalitatea

Basoko animaliak atsegin badituzu baina zerorren etxean nola zaindu ez badakizu, hemen duzu trikuak ondo zaintzeko ataria. Arantzadun laguntxoari gutizia guztiak egiteko artikulu, produktu eta gomendio guztiak aurkituko dituzu atari honetan.

http://www.elerizofeliz.com

Heriotzaren beldur?
Heriotzaren beldur?

Inor gutxik darabil buruan Herio bisitan noiz etorriko zaion. Baina sare ahalguztidunak dena du kontrolpean, eta, atari honetan, noiz hilko zaren jakin ahalko duzu, zehatz-mehatz. Haratago joanez, hurkoari ziber-mehatxuak bidaltzea ere badago.

http://www.estasmuerto.com

Autoa aurkitzeko
Autoa aurkitzeko

Lapurren bisita jasotzen duenak ondo daki nola eskertzen den besteren borondatez galdutakoa berreskuratzeko laguntza. Internauten laguntzarekin, ertzainen zain egon gabe, ostutako autoa aurkitzeko aukera gehiago izango duzu.

http://www.cochessustraidos.com

Karikatura egilea

Zuk nahi duzun aurpegiaren forma, ilea, begiak, sudurra, belarriak, ahoa eta gorputza aukeratu eta sor ezazu zure pertsonaia. Zeure karikaturak egiteko aukera eskaintzen du webgune honek. Nolako pertsonaia nahi duzun, irudimenaren menpe dago!

http://peoresnada.com/cartoon_maker/

Nasa telebista

AEBetako Nacional Aeronautics and Space Administration (NASA) erakundearen atariak espazio programa, albiste eta proiektuen berri ematen du. Baina horrez gain, Nasaren telebista eta bideoak ikus daitezke.

http://www.nasa.gov/multimedia/nasatv/index.html

Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008