06.03.08

Permalink orokorra, 81 hitz  

martxoak 8

martxoak 8
Emakume langilearen eguna

Zergatik dugu egun bat? Gure eguna al da? Aldarrikapen eguna baino ez dela diote askok. Zer iruditzen zaizkizue emakumez soilik osatutako bertso saioak? Askotan hitz egin dugu horretaz. Hitzetik Hortzerak ere programa bat eskaini zion (zigun). Gaur zuen iritzia jakin nahi dut. Gai honek luzerako ematen duela iruditzen zait. Zer diozu Onintza Enbeita blogari kide? Zer diozue besteok? Bertso saioak ezezik gaur emakume asko elkartuko dira afaltzeko. Honi buruz hitz egin nahi duzue? Hitz egingo dugu? Animo.

06.02.14

Permalink orokorra, 321 hitz  

MAITE ZAITU(ZTE)T

Ez nator inor zoriontzera maiteminduta dagoelako. Zoriontzekoa al da ba? Poztu egin naiteke norbait pozik dagoelako aldamenean duenarekin. Hori bai baina gaurko parafernalia eta kontsumismoa... en fin. Norbaitek maite nauela esango balit gustura hartuko nuke, esan gabe ere jakingo dut ziurrenik baina... Urrun dudan lagun batek hala eskatuta duela urte eta erdi HITZArako idatzitako zutabetxo bat ekarri dizuet gaur. Zuentzat opari. On egin!

AMA ETA AMONA

Egutegiak ez du gaur amaren eguna denik agertzen, baina gaur ere amarekin gogoratu naiz. Berarekin momentu zail edo gogorretan soilik oroitzen naizela usteko du, baina gaur ez natzaio laguntza eske joango. Gaur irrifarre egin nahi diot, esker oneko keinu bat.
Karmele Jaiok “amaren eskuak” lanarekin irabazi du Igartza Saria. Urtebeteko tartea du amaren esku horiek hezur-mamitzeko, ezagutzeko, ezagutarazteko. Gure amaren eskuek ere mereziko lukete sari bat. Ez jostun onena delako, ez sukaldaririk onena delako. Ezta talogile abilena delako ere. Amaren esku ahurrek haur nintzenetik babestu nautelako agian.
Arantxa Iturbek “ai ama!” zioen, Urtz taldeak “ai amatxo negua dut zai”, Almodovarrek “Todo sobre mi madre”, Xabier Letek “amaren bularra haurraren janari”, Mikel Laboak “ama eten dezagun zilbor-hestea”.
Ez dakit seme-alabak ihes joaten ote garen baina gure amak ezin du gure pauso bakoitza zuzendu, zaindu, jarraitu. Bai, ordea, bilobarenak. Bilobak soilik heltzen dio orain eskutik. Eskuekin agintzen dio nora joan nahi duen, zer nahi duen. Eta amonak dena eskura jartzen dio. Eskuzabal. Amonaren eskuek amaren bularra adina asebetetzen dute etxeko txikia. Amonak biloba goxatu eta bilobak amona gozatzen du. Gu hazi eta hezi nahi izan gintuen emakume hura orain bilobak bizi du.
Gure amaren irrifarra eta zoriona xamurragoa eta hunkigarriagoa iruditzen zait bilobari begira dagoenean. Gure ama amona egin dute, baina ez da amondu. Ama ondu egin da. Hitz joko bat baino ez zen, ama, lasai.
Baina non da aitaren figura, ez dut aitatu ere egin, baina ez zait aitaren batean ahaztuko. Aitaren alaba naizela diote gainera. Gaur ere gure aita a(i)tonduta aterako da bilobarengana.

06.01.31

Permalink orokorra, 397 hitz  

Gurean ere bai

Ez nuen uste horrelakorik inoiz gertatuko zitzaidanik. Ez nuen espero agian. Ez nuelako nahi ez nuen espero ziurrenik. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Hala dio esaera zaharrak. Esaera zaharra, ordea, burura bestela berritu zait. Urrutira hamalau zirenak gertura hamabost gertatu zaizkit.

Bertso eskola batean gertatu zaidana kontatzea dut xede. Zilegi bekit aspaldion kezkatu nauen gai bat zuenganatzea. Zuekin konpartitzea.

Bulling-az hitz egin nahi dut. Gabonetan jakin nuen gure bertso eskolako haur bat iraindu eta jo egiten zuela bertso eskolako beste batek. Baserriz baserri kopla kantuan ari ginen. Gure egun hartako taldeko partaide zen hamar urteko gaztetxo hura. Mutiko politik bada huraxe bat. Bizia, argia, goxoa. Haren gurasoek gertatzen ari zenaren berri baserri batetik besterako bidean kontatu zidaten. Zur eta lur geratu nintzen. Ikaslea beso artean estutu eta muxu emateko gogoari eusten lanak izan nituen. Gurasoak berak ezkutuan gorde nahi zituen trapu zaharrak aireratzen ari zirela ohartuko balitz gureak egingo zukeen. Isilik geratu nintzen. Mutu hobeto esanda. Pena eman zidan. Nire burua gaitzetsi egin nuen une batez. Nire begien aurrean, alegia bertso eskolan, ez nuen sekula gisa horretako jarrerarik antzeman baina tentuz ibili beharra neukala jabetu nintzen. Ez dira brometako kontuak. Kolpe eta iseka jasotzaileari irriparre egin nion hurrengo atarira iritsi ginenean.

Aspaldiko ezagunak ditut bullinga jasaten duen mutikoaren gurasoak. Guraso onak direla badakit. Ziur nago. Eurak konturatzerako ere hiru hilabete joan omen ziren. Hiru hilabete luze ziurrenik. Lastima. Etxekoak omen dira beti azkenak enteratzen. Egia izango da gainera.

Gabonen oporraldiaren ondoren bullingari buruzko bertso sorta bat eraman nuen bertso eskolara. Gaiaz hitz egin genuen. Ez nuen ezer nekienik esan. Ezin nuen. Ezin nion hori egin nire ikasle bati, baina bestea ohar zedin nahi nuen. Ez dakit lortu dudan. Ez dakit jotzaileak behar besteko garrantzia eman zion. Ez dut kontzientzia lasaitu baina eskuak garbi ditut. Hamar urteko bulling eragileak ere hala izatea nahi nuke ahalik azkarren. Nork esango zidan nire begien aurrean erruduna eta biktima nituenik? Bertso eskolako jokuren batean bikoteka jartzeko eskatuko nien gainera inoiz. Auskalo. Nork daki. Beraiek badakite eta horrekin aski da.

Kontatu dudana fikzioa izatea nahi nuke. Horrelakoak gure etxetik urrun gertatzen direla sinistuz, ordea, begi aurrean zapia jartzea baino ez dugu egiten. Xabier Leteren kantu bat etorri zait oraintxe burura. Honekin amaitzen dut. “Zaude isilik haurra, ez egin negarrik, munduak ez du eta malkoen beharrik. Handitzen zeranean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun”. Isilik egotea zein garesti ordaintzen den batzuetan ezta?

Arratzaindik

Amaia Agirre filologoa eta bertsolaria

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution