Urte hasi berri den honetan, eta guztiari eta guztiei ongi etorria ematen diegun honetan, agur esatera natorkizue. Bi urte badira, ezezkoa esaten ez nekiela, eta matrakakoen eskariari erantzunez, barrukoak hustutzen saiatuko nintzela agindu nizuela. Lan zaila zela ni bezelako lotsati batentzat barruko horiek azaleratzea, baina 2006tik 2008rako bidean, apurtxo bat bederen ikasi dugu. Azken aldian, ordea, txapel bakar batekin bi buru tapatzea nahikoa lan zaila dela jabetu naiz. Lehendik ere banekien, baina gogoak eta ilusioak zailtasun guztiak gainditzen laguntzen dute maiz. Baina lotsatia ez ezik, gure buruarekin zorrotzak ere bagara (edo banaiz, edo txapel beraren azpian dauden urko desberdinak halakoak dira, pluralean), eta horregatik, gauzak gaizki egitea baino, hobe ez egitea. Urte berrirako asmoen artean, horixe, egindakoa, behar bezela egitea, eta momentuz, nire txapel azpian sasi-eguneroko honentzako tokirik ez dagoela ba. Burua handia dugu, eta toki handia behar neronenak. Besteenak, gerorako utzi behar horrenbestez. Penatuta, baina satelitea itxi beharrean nago horrenbestez. Denbora batez bai bederen. Batek daki denborarekin txapel handiagoa egiten asmatuko ote dugun, edo txapelik gabe ibiltzera ausartuko ote garen... ordura arte, behintzat, eskerrik beroenak beste aldean izan diren txapeldunei! Adiorik ez!
Ez du ezustean harrapatu. Zorigaiztoko eguna iritsiko zela bazekien. Noiz? Auskalo! Itxaronaldia bera luzea izan da, gezur sortaren aria bezain luzea. Zama areagotu baino ez du egin horrek. Sasoi desberdinak bizi izan dira. Norabaide batean jotzen zuen haizeak batzuetan, kontrakoan besteetan. Haize-orratzak bira asko eman ditu urte hauetan, eta azkenean, norabide okerrenean geratu da trabatuta. Indarra ere, uste baino handiagoa. Haize bolada zakarrak izan dira asteburu honetan. Zakarregiak. Bai, egia da: ertuko zuhaitzaren abarrotsa ozenago entzun ohi dugu apartekoa baino. Horregatik, asteburu honetako ekaitzaren ostean, Nerea dut gogoan. Anaia ez, txikiegia delako oraindik, baina Markel txikia aurki hasiko da galderak egiten. Ulertezina dena ulertarazten ez du lan makala bere amatxok. Nola azaldu semeari, ziegako zirrikitutik sartzen den haize hotzari egin beharko diola aurre aitak? Elkartasun oihuaren zurrumurrua barreiatuko al du ditxosozko haizeak! Iritsikmo al zaie! Bitartean, besarkada estu bat eta muxu handi bana Nerea guztiei!
Atzo arratsaldean, ordenagilu aurrean ari nintzela, lehiotik begiratu, eta sekulako ezustekoa: ehorztetxeko kotxea pare parean. Berehala sartu zuten zerraldoa. Nor ote zen? hariak lotu nituen laister batean. Nire etxe parean bizi den aiton-amonetako bat behar zuen seguraski. Baina zein? ezin jakin. Hiru urte badira bertan bizi naizela, eta harez geroztik egunero egunero ikusi izan dut, aitona ez bada, amona. Bietako bat behintzat bai. Nire familikoek eta lagunek ere badakite haien berri. Maiz hitz egin izan diet pareko aitona-amonetaz. Lehiotik begiratu, eta mendiaren kaxkoan, etxetxo dotore batean bizi dira. Bizi ziren. Edo bizi zen, bietako bat behintzat. Aldapa malkartsuan butano bombona ezin eraman ari zirenean pentsatu izan nuen bateonbaten laguntza behar zutela. Baina lehioko kristalak harresi lana egiten zuen. Zakurrak ederki zaintzen zituen/zuen/du. Haien eguneroko ohiturak ederki ezagutzen nituen. Arraroa zen lehiotik begiratu eta ikusten ez nituen eguna. Atzo berriz, azkenekoz ikusi nuen haietako bat. Baina zein? Ezin zehaztu aitona edo amona ote zen, eta tristeena, ezin argitu izena nola zuen. Ez izena, ez izana. Oheratutakoan konturatu nintzen ezaguna bezain ezaguna zela nire bizilaguna. Gaur egunkaria hartu eta eskelari erreparatu beharko diot.. Azken unean bada ere, izena jartzeko aukera bakarra horixe izango dut. Bitartean, goian bego bizilagun ezezagun hori!
Barealdiaren osteko ekitza izaten da beti, ekaitzetan bortitzena, barealdiak sortutako poza momentu batetik bestera, asperen bakar batean zapuzten duelako.
Aurreko batean, "La suerte de Emma" izeneko pelikula alemaniarra ikusi nuen. Ezohiko maitasun istorioa kontatzen du filmak. Enamoramendu guztiek ez dutela zertan berdinak izan, eta sekulan probatu gabeko formulek ere funtziona dezaketela, alegia. Baina argi geratu denez, gurean ez. Ez diogu/diote "maitasun" horri inolako aukerarik eskeini.
Emma izenekoa, neskato gogorra da, bakarrik bizi da, lagunik ez du, eta bere jenioa, sekulakoa da. Bere ikuiluko zerriak hiltzerako orduan, teknika berezia eta xelebrea erabiltzen du. Zerriak, azkena gertu duela jakin ez dezan, laztandu egiten du, maite-maite egiten dio, eta aberea bere magalean duenean, izkutuan duen labana atera, eta oharkabean, lepoan zas! Odol jarioa sekulakoa, baina garraxirik ez...
Bestelako maitasun istorio horietan sinisten genuen/dugun nafarroi ere gauza bera ez ote diguten egin... magaleraino eraman gaituzte, labana sartu digute... garraxia behintzat entzungo al da!
Halako izenburuarekin, noski, futbolaz ari naiz. Baina ez naiz igarle lanetan hasiko, eguraldi mutilaren jantzia pertxeroan utzita bait nator. Futbol kontuetan iragarpenak egitea, borraskaren ibilbide zehatza asmatzea bezain zaila izan daiteke baloiaz tutik ere ez dakien batentzat, asteroko errealitateak berdeguneko zurrunbiloaren nondik norakoak argi uzten baditu ere.
Baloi baten atzetik hogei bat lagun ikusteak zirrara berezirik sortzen ez badizu, igande arratsaldeetako depreari aurre egiteko futbol zelaira edo telebistarik handiena duen tabernara joaten ez bazara, bertako taldeen sailkapenaren berririk ez baldin badakizu, eta telebista aurrean eseritakoan futbol esatarien ahots zorrotza baino besteren bat nahiago baduzu, zu zerorri zara bigarren mailakoa. Gu geu gara bigarren mailakoak.
Asteazken gaua. Egun guztian txampiñoi modura ugaltzen diren partidu horietako baten berri entzunez. Etxera iritsi, telebista piztu, eta jakin badakit zein kate ez dudan jarriko. Ez alperrik! Bikotea amorantearengana joan dela badakienak, harenganako bidea sekulan ez dio erraztuko. Ez lioke erraztu behar behintzat. Telebista kateek berriz, alderantziz. Bestearengana joan nahi duzula? Zoaz, gero bueltan zu etorri arte zain izango nauzu eta! Eta ez errieta egiteko, ez… laztanak gerorako gordeko dizkizut, bestearen etxetik bueltatzen zarenerako. Hori da hori begirunea, adarrak jarri dizkizunarekiko! Leial leial, betikoarekin geratzena dena, aldiz, izurra dadila! Beste etxeetan gertatzen dena, niri bost, baina zezenarenak ez, baina bestelako adarrak gertu ikusitakoan, orduan kezkatzen gara. Beste telebistek euren prime time-a partidua bukatu arte atzeratzea, ohitura bihurtu da jada, baina txoritxoak besteen zenbait jokamolde ikasi beharko lituzkeela diogunean, ez gara horretaz ari preziski. Goenkaleren haria aspaldi galdu nuenez, telesaila beranduago hasteak ez nau bereziki kezkatzen, baina nire amonaren loa atzerazi du aberats kuadrila baten arteko partiduak, eta Inaxik nahiago du Maria Luisaren berri izan, txapeldunena baino. Eta hamaikagarrenez Ero eta Bero ikusi behar izateak, mesede gutxi hari.
Aste honetan bertan Euskalerria Irratiko lankideak Glasgowera joango dira gorritxoekin. Orain arte autoz eta modu kaxkarrean joan behar izan dute beste zenbait partidu garrantzitsuetara. Oraingoan aldiz, hegazkinez, eta gainerako irratien pare, modu txukunean ibiliko dira. Pozteko albistea horixe, noski baietz. Bada zerbaiten seinale, bide onetik goazenaren seinale. Baina bidaia hori errazten duten babesleek, futbol partidu bat baino milaka aitzakia interesgarriagoak bazituzten lehendik ere irratia laguntzeko.
Futbola gogoko ez dugunoi, gol ederra sartu digute oraingoan ere, markagailua haien alde da nabarmen, baina halakoetan ohikoa bihurtzen denez, arbitroa ez da fin ari. Futbolean hamaika behar dute hamaikaren kontra, eta partida honetan, gutxi batzuk baino ez dugu gure atea zaintzen, horrenbestez, gol zaparrada sekulakoa da. Aterkia eskeini diezaigutela behintzat, besterik ez dut eskatzen.