EAEko eta Nafar Federazioen arteko Rallye Txapelketari bukaera emateko, Durangalde Racing Elkarte sortu berriak II. Bizkaiko Begiratokia Rallye-a antolatu zuen; pasa den asteburu honetan (larunbatak 10) ospatu zen proba, berrikuntza txikiak sartzen zituen formatu batekin. Goizean bi erlojupeko egingo ziren eta arratsalde partean beste bi, horietako bakoitzari bi igaroaldi emanez; hortaz gain, Durangoko Astola industrialdean ikuskizun-erlojupeko bat asmatu zuten bertatik pasatzea derrigorrezko izanik talde guztientzat, baina nahiz eta hasieratik asmoa ikuskizunaren hobebeharrez denborarik ez kontrolatzea izan, azkenean beste guztiak bezala kronometratua izan zen baimenekin arazo batzuk zirela eta. Aipatu behar da jarraian zihoazen erlojupekoen artean, hau da, begizta edo bukle bakoitzean, oso distantzia txikiak zeudela, segur aski taldeek eskertuko duten detaile bat, ez baita oso gustukoa lasterketa batean kilometro kronometratu gutxi eta loturako asko egotea.
Larunbat goizean hasi zen lasterketa dela urte batzuk arte ospatzen zen Iturretako Igoerako ibilbide berdinetik. Lujua-Burgosek irabazi zuten igaroaldi hau Artetxe-Fernandez baino 4 segundo azkarrago izanik; 2 segundo atzerago Labaka-Muguruza eta segituan Apalantzatarrak izan ziren. 5. denbora azkarrena ‘Lebeiti’-‘Urruti’-k egin zuten ikusgarria den beren ohiko makinarekin: garai batean R5 Turbo bat izandakoa (hau ere luze hitz egiteko emango lukeen gai bat da, batzuk ‘Turbo’ eta beste batzuk ‘Turbo 2’ dela baitiote, beren artean desberdintasun txikiak dituzten modelo berdinaren bi bertsio) gaur egun duen prestaketarekin eta karrozeriaren modifikazioekin ia Maxi Turbo bat dela esan daiteke. Ukaezina dena da, jende gehienarentzat Euskal Herrian korritzen duen kotxe politena dela, afizioarengatik oso maitatua; hona hemen argazkian:

Lebeitiren atzetik eta biek denbora bera eginez bi KitCar-ak sailkatu ziren, Arrabal-Urtaza Ibizarekin eta Izagirre anaiak Arrabali alokatutako Saxo batekin. Egoera hau Izagirre karreran iraun zuen bitartean errepikatu zen sistematikoki, Arrabali kotxe txikiagoarekin segundo batzuk atereaz. Lehenengo 10en artean Gorka Antxustegi-Iban Ibarluzea bikote gazte eta azkarra sartu zen AX GTi txikiarekin; bikote honek polemikaren erdian aurkitu zuen bere burua gainera, kronikaren bukaeran aipatuko diren gertakariak direla eta.
Beren merituagatik aipagarriak diren beste denbora batzuk bi Xabierrek (Alustiza-Altube) Ibiza Juniorrarekin lortutakoa, Saez-Fuentesek Antxustegik baino bi segundo mantsoago eta Alustiza baino segundo bat mantsoago izanda lortutakoa, eta Ander Arana-Arkaitz Kobeagak lortutakoa, Alustizarekin eta Labaienekin (106 kitCar) berdinduta. Aranak prestatu berri duen 309 GTi-arekin ez du zorterik izan, oso denbora onak egin eta betiko lez ikusgarriak izan arren ez baitute lasterketarik bukatzen, eta bukatu duten bakarra ohi baino denbora mantsoagoetan (aurtengo San Migelko rallysprinta). Txus Jaiok ere bere zorte-txar dosia izan zuen, errepidetik atera baitzen 19 minutu inguru galduaz, sailkapen on baterako aukerekin batera; hori bai, dena delakoa konpontzea lortu zuen eta zaletuen pozerako ia karrera osoa burutzea lortu zuen.

Ondoren, Ixuako erlojupeko lehenengo igaroaldia zetorren: Barinagan hasi eta Arratetik behera Eibarreraino. Hasierak igoera gogorra zuen kotxe indartsuenen onerako, baina Arrateko jaitsiera ere nahiko gogorra zenez kotxe txikien kurbak pasatzeko erraztasunak gauzak gehixeago berdintzen zituen. Berriz ere Lujua-Burgos bikotea azkarrena izan zen Artetxe-Fernandezi segundo bakar bat atereaz. Atzerago, 8 segundora Labaka-Muguruza sailkatu zen eta 2 atzerago Apalantzatarrak. Honez gero garbi zegoen zein bi taldek jokatuko zuten garaipen finala, beste taldeei km bakoitzeko segundo bat baino gehiago sartu baitzieten eta distantzia hori maila berdineko kotxeen artean nabarmena izaten hasten da; maila berdinekoetaz ari garenean WRC mailaz ari gara kasu honetan, baina garbi dago maila honen barruan ere kotxeen artean teknologia eta aurrerapenei dagokienez diferentzia handiak daudela, denak berdintasunean ez daudela inondik inora.
Labaka sailkapen orokorreko 3. postuan zegoen bere Mitsu-ari ahal zuen guztia eta gehiago atereaz, eta marka berdineko WRC-ari Ramonek oraindik ez dio barruan daukan guztia ateratzerik lortu. Lujuagandik 15 segundora Izagirretarren Saxo arina sailkatu zen, Arratetik behera oso azkar jaitsita, atzean makina hobeagoak (WRC pare bat eta Arrabalen Ibiza) utziaz; pena bat da aurrerago talde honek karrera utzi behar izatea. 5:52-n berdinduta Alustiza, Beloki eta Mario Perez sartu ziren, baina Lebeitik berriz ere denbora hobea markatu zuen, 5:50 Lujuagandik 19-ra. Aipamen negatibo bat egin behar da, zoritxarrez bi istripu larri gertatu baitziren igaroaldi honetan: R11 Turbo bat amildegi batetik behera erori zen eta Corsa GSi bat bidetik atera zen, bere kopilotoa harrapatuta geratuz, anbulantziari deitu behar izanez. Honek bigarren igaroaldia jokatzea arriskuan jarri zuen, baina azkenean berandu hasi bazen ere korritu zen.
Iturretan 2. aldiz Lujua Artetxe baino azkarrago (segundo bat) izan zen, azken hau Apalanzatarren aurretik oraingoan, 5 segundora hauek, eta Labaka 6ra. 5. denbora azkarrena Izagirretarrena, berdindu egin zuten Arrabalen eta Evangelistaren (Escort WRC) aurretik.
Gainontzean aldaketa handirik ez; lehenengo 10-15en artean aipagarriak diren kotxe txikiak sartu ziren: Labaien, Mario Perez, Antxustegi, Saez, Arana eta Txus Jaio, esaterako. Azken honen inguruan hitz batzuk idatziko ditugu. Gizon honek dituen eskuak maila altuagoko txapelketetarako eginak dira. Zoriak nahi izan zuen gertakariak zirela eta Txusi bi katalanen aurretik ateratzea tokatu izana; bi bisitari katalanengandik (David Abad eta Sergio Morilla, biak BMW M3ekin) espektakulo bizia espero zen, kurba itxiak beren leloari jarraiki beti trabeska (Sempre de Cantu) hartzeko ohitura dutelako zaletuen zoramena eraginez; Txus Jaiorena oraindik areago doa, ikusgarritasun hori oso denbora onekin konbinatzen baitu, eta katalanen aldean zona azkarrak ere oso fuerte pasatzeko ausardia eta eskuak baititu.
Zona azkar hauetan bereizten dira ‘gidariak’ eta ‘pilotuak’. Honen harira, kronikaren egilea Ixuako bigarren igaroaldian kokatu zen bihurgunean (Lebeitiren goiko argazkiko leku berean) Txusek egindako trazada gogoan geratzen diren horietakoa da, Ixuako gaineko bi kurbak batean trabeska hartuz amildegi bat zegoela kontuan harturik… bufff… Beraz, ez da oso urrutira begiratu behar pilotu onak aurkitzeko, hemen bertan mordo bat baitauzkagu.
Aipatutako Ixuako bigarren igaroaldian Artexek lehenengo scratch-a lortu zuen Lujuari segundo bat errekuperatuz, 10 segundo atzerago eta biek berdinduta Apalantza eta Labaka utzirik; bi hauek ere estu-estu ari ziren 3. postua jokatzen. Ondoren, Ruben Garcia (Escort WRC), Izagirre eta Arrabal etorri ziren logikoa den bezala lehenengo igaroaldiko denborak jaitsiaz. Erlojupeko hau 6 minutu baino gutxiagoan egitea lortu zuten taldeak 15 baino gutxiago izan ziren, hauetatik Arana, Saez, Alustiza, Antxustegi eta Labaien nabarmenduz.

Honela bilketa gunera iristen zen, zaletuak erlojupekoz aldatu eta lasterketa ikusteko tokia bilatzen zuten bitartean taldeek bazkarirako zerbait hartu eta beren makinak puntuan jartzen zituzten. 5. erlojupekoa Maumako errepide hautsi eta harritxintxarrez zikindutako batean hasi, bidegurutzean Urrutxua norabidea hartu eta Zugastietara jaisteko Ajuriako jaitsiera azkarra hartzen zen. Aurreko urteko ikuskizuna ikusita Maumako kilometroa aukeratu genuen. Dirudienez, eta Artetxerena bezain ona ez den kotxe batekin, Lujuari jaitsierak dituzten ibilbideek egiten diote on bere kotxeak ez daukana bere eskuek jartzen dutelako. Artetxeri eta Apalantzari 7 segundo gehiago sartu zizkien.
Hurrengo azkarrenak Labaka eta Izagirre izan ziren 14 eta 20 segundora hurrenez hurren, biak oso azkar beren ibilgailuekin; 24 segundora Ruben Garcia eta ondoren berdinketa bikoitza: 31 segundora Lebeiti eta Tarsicio (paradoxikoki bi kotxeak kolore berdinekin, hau da, txuria, horia eta beltza pintatuta dituztenak) eta 34 segundora Arrabal eta Evangelista sailkatu ziren.
Antxustegik, Alustizak bezala, gidaketa oso ikusgarria erakutsi zuen, hain trabeska sartzen zen bihurguneetan azkenean 15 bat segundo galduarazi zizkion trompo bat egin zuela, honengatik ez balitz Arrabal eta Evangelistaren aurretik geratuko baitzen, harrigarria daraman kotxea kontutan hartuz. Lurgainean korritzen duten eta aurten Errioxako Lurgaineko rallyen txapelketa irabazi duten Unai Garcia-Igor Izagirre-k ere denbora oso ona lortu zuten erlojupeko honetan, beharbada hasierako zatiko gainazalak lurrarekin dituen antzekotasunengatik.
Dela urte gutti batzuk arte egiten zen Montecalvo-ko igoeraren ibilbide bera baina malda behera izango zen hurrengo igaroaldiaren eszenatokia; bertan 12 horkila (180º inguru dituzten bihurgune itxiak) daude, trabeskada ikusgarriak ikusteko leku aproposak. Artetxek scratch-a lortu zuen eta 2. postuan Lujua eta Apalantza 5 segundora berdinduak. Labaka atzeraxeago, eta distantzia handiago batean maila ona erakutsi zuten gainontzekoak: Mario Perez, Ruben Garcia, Lebeiti, Evangelista, Tarsicio, Arrabal eta Tricio. Ordurako Izagirretarrek karrera utzi zuten.

Ordutegi aldaketa dela eta goiz ilundu egin zen eta talde guztiek beren argi bateriak atera zituzten bide bazterrak argitzeko; bihurguneetan giro ona zebilen: iluntasunak lotsatien identitatea ezkutatu eta kotxeen zain zeuden bitartean zaletuen arteko algara eragin zuen komentarioak direla eta.
Iluntasunak ere aurreko igaroaldietako denborak baino okerragoak egitea eragin zuen. Artetxe Lujua baino segundo azkarrago izan zen, eta distantzia handira (15 segundotik gora) besteak: Labaka, Apalantza, Ruben Garcia, Mario Perez eta batez ere Antxustegiren oso denbora ona, Alustiza… Arrabalek denbora dexente (minutu inguru) galdu zuen, bukerako sailkapenean bere burua ohikoa baino hainbat postu atzerago aurkitzea ekarri zuena. Gaua izanik ere, Montecalvoko bigarrenean Artetxek eta Lujuak denborak hobetu zituzten, txapelketarako ezer jokatzen ez baziren ere lasterketaren garaile zerrendan agertu nahi baitzuten biek. Artetxek irabazi zuen berriz ere, Lujua 3ra eta beste guztiak egunean zeharreko posizio berdintsuetan.

Ikuskizun-erlojupekora ailegatzeko arazo txikiak izan ziren: jakina da lasterketa bukatzean auto-pilaketak egoten direla zaletuak asko baitira eta denak batera irteten direlako; hurrengo urterako hori hobetzea komeni da, izan ere hau baita Durangalde Racing elkarteari egin dakioken kritika bakarra, pasa genuen hotzean ez baitzuten zerikusirik. Azaldu bezala, kronometratua izango zen ibilbide hau, baina gauzak zeuden bezala geratu ziren eta oso aldaketa gutxi gertatu ziren. Hori bai, lasterketari amaiera jartzeko era dotorea izan zen.

Lasterketa bukatuta, Euskal Automobilismoko Federazioko ikuskariek Antxustegiren motorra egiaztatzeko agindu bat idatzi zuten. Mundu honetan tranpa asko daudela jakina da, eta lehengo urtean AX hauen eta antzeko kotxe txikien inguruan homologazioz kanpoko 1600 motorra eta kotxe berriagoetako piezak eramaten zuten zurrumurrua zabaldu zen beste batzuen artean. Aurten kontrolatuago egongo zela zin egin zuten federaziotik, eta Antxustegik lasterketa bukatuta bere motorraren kulata altxa behar izan zuen ikuskariek neurtu zezaten; youtube-n operazio guzti honen bideo eta guzti aurki dezakezue. Bada, Antxustegiren motorrak eman behar zuen zilindrada eman zuen (1400) eta horrela aho asko isildu eta berriz ere bere gidaketa eta mekanika mailen erakustaldia eman zuen. Honek ez du esan nahi kotxe honek 1600 eraman ez duenik, berak onartu baitu lehengo urtean beste askok bezala eraman zuela, baina hor duzue nola ‘Potro’ ezbehar guztietatik duintasunez atera zen. Juniorren artean txapeldun ere sailkatu dela gogoratu behar da.
EAE-ko rallye txapelketa honela geratu zen:

RAC Kopa Arkaitz Urangak irabazi zuen denboraldian zehar Menako istripuan C2-a suntsitu eta gero Saxo-a erosi eta aurrera jarraitu du, borroka estuan egon diren Alonso anai-arreben aurretik geratzea lortuz. Atze-trakzio kopan Beloki garaile izan da aurreko kronikan aipatu bezala. Hurrengo urterako aurten sailkapenetan agertzen ez diren homologazioz kanpoko (NH) kotxeentzako maila berri baten premia ikusten dugu, beste edozeinek dituen trabak gainditu behar baitituzte eta sailkapenerako ez kontatzeaz aparte, diruaren banaketan parte hartzen ez duten bakarrak dira, gure iritziz bidegabekoa eta kritikagarria dena.
Hurrengo kronika Lesakako Rallysprint-ari dagokiona izango da, eta honekin aurtengo denboraldia bukatutzat joko dugu neguko paron luzeari bide emanez.
Atzeraturik zegoen Larrañetako igoera azkenean bertan behera gelditu zen, zaletuon eta kirol honen kaltetan, Jaizkibeli ohikoa duen EAE eta Nafarroako mendi igoera txapelketen azken zitaren postua itzuliaz. Igoera gipuzkoarrak, Larrañetakoaren zori bera pairatzeko arriskua du, 2008ko txapelketatik desagertzeko aukera baitago Lagun-Artea eskuderia antolatzaileak adierazi duenez. Oarsoaldeako egungo automobilismo proba bakarra eta Europa mailan ospea duen lasterketa galduko genuke honela. Zihurra da ahaleginak egingo direla aurrera atera dadin, ikusiko da emaitza urtebeteren buruan.

Aurtengora itzuliz, azaroaren 3 eta 4ean gauzatu zen, larunbatean Irungo Txingudi merkatal zentruan urtero legez parteartzaileen autoen egiaztapenak burutu ziren han biltzen den jende multzoaren begiradapean. Giroa berotzeko modu ona da, nahiz parteartzaileentzat badituen zenbait eragozpen, egun batez luzatzen bait da gauza, larunbatean lasterketarik ez dagoen arren. Egiaztapeneko beste ikamikak alde batera utzita igande goizera pasako gara zuzenean, ortzian hodei ugari zen arren etzuen euririk bota ikusle gehienon penetan seguraski, baina horrek etzuen ikuskizunik zapuztu ezta gutxiagorik ere. Honek ere alde on eta txarrak dituen arren, Jaizkibelgo igoera beti festagiroan ospatzen dela esan beharra dago. Zaletu eta ez hain zaletu baina eskualdean bizi den jendea bi gau lehenagotik ere bertan egoten da denda, musika eta nahikoa jaki eta edarirekin asteburuaz gozatzeko prest. Inondik ere xarma berezia du itsas hertzeko proba honek.

Dena gertu zelarik goizeko 9:30tan hasi zen entrenamendu saioa, izenak argi uzten duenez ez da puntuagarria eta beraz bertako denborak ez dira kontutan hartzekoak. Ibilbidearen ezagutza freskatzeko balio du batik bat, gidari batzuk ikuskizun extra apur bat emateko ere erabiltzen dute saio hau, eta zaletuak konten noski.
Jarraian bi saio ofizialak, bietan Gorka Apalantzak egin zituen denbora onenak Andres Vilariñoren Norma M20 barketarekin, bigarrengoan sinatutako 2:15,84-ko denbora izan zelarik eguneko baxuena. Atzetik lehenengo saio ofizialean atera ez zen Luis Martinez sailkatu zen 64 ehunenetara 3000 Formula batekin. Brontzea berriz Alberto Alonsok eskuratu zuen laranja koloreko Speed Car-a eskuetan zuela, 6. klasea eta baita EAE-ko txapelketa bereganatuaz, Apalantza errezildarrari ez bait zioten txapeldun izendatuko luketen puntuak hartzen utzi, ohiko Speed Car-a baino auto indartsuagoa gidatzeagatik. Aipatu beharra dago polemika apur bat sortu zela apalantzak auto honekin izen eman zuenean, txapelketa eurenganatzeko aukerak zituzten Fran Cobo eta Aitor Ramirezek protesta egin baitzuten. Beste Speed Car batekin 4. sailkatua Egoi Eder Valdes izan zen honela Nafarroako txapelketa irabaziaz. Gipuzkoakoa berriz Jaizkibelen 6. denbora onenaren egileak, Fran Cobok, eraman du BRC bat gidatuz. Karrozadunen artean azkarrena berriz BMW 320 ST politarekin Aitor Ramirez izan da 2007ko karrozadun azkarrena izanik EAE-ko txapelketaren ere. 14 eta 17. postuetan berriz 4. eta 3. klaseak irabaziz Ibai Zarraga ikusgarria eta Asturias aldetik etorritako Rubén Bulnes sartu ziren hurrenez hurren, Ford Sierra Cosworth-arekin lehena eta zirkuituetan korritutako Citroën AX A1/2 batekin Ruben. Auto historikoetan lehena Renault Alpine A 110 urdin bat suertatu da Josemi Gabilondo eskarmentudunaren eskuetan, beste urte batez EAE-ko historikoen txapelketa irabaziaz. Nafarroako txapelketara itzuliaz, karrozadunen arten irabazlea Ricardo Garriz eta bere Renault 5 GT turboa izan dira “Koteto”-ren BMW 528i-aren aurretik, Jaizkibelen 33. postua eskuratuaz. Azkenik, junior saria Iñaki Cancelo hasiberriak eroan zuen etxera Citroën Saxo VTS batekin eta txapelketa berriz auto berdiñaz Beñat Poblacionek, Jaizkibel bukatu ezin izan zuen arren nahikoa puntu lortua baitzituen aurrez.

Euskal Herriko mugetatik Jaizkibelera etorritako partehartzaile sorta ezin utziko dugu aipatu gabe, CM taldeko autoekin, Xuan Sanmartín, Jesús Álvarez eta Rafael Armas asturiarrak eta Catalunya aldetik Fernando eta Francisco Fontanellas eta karrozadunetan Rubén Bulnes eta bere Citroën AX A1/2 Asturiasetik eta Antonio Ortuño Mitsubishi Lancer Evo VI-arekin Errioxatik. Etxekoen artean aipatzekoa da Patxi Hoyos gidari ohikoaren auto aldaketa, prestatu berri duen BMW M3 zuri bat estreinekoz erabili baitzuen Jaizkibelgo aldapetan 40. postuan sailkatuaz, oraindik neurria hartu beharrean dago baino ziur datorren urterako lanak emateko asmoekin itzuliko dela 2005-eko atze trakzioko koparen irabazlea.

Beste ekarpenik gabe zorionak lasterketa amaitu zuten 70 partehartzaileei eta antolatzaileei eta datorren urtean jaizkibel topagune izango delako esperantzan hurrengorarte.