"Nik bidalita, 'memea' iritsi zaizu. Ez dakit neuk ere oso ondo zer den, baina aspalditxotik dabil bueltaka euskal blogarion artean. Norberaren bost sekretu edo kontu ezezagun kontatu behar ditu 'meme'-a jasotzen duen blogariak, eta gero beste bost blogariri pasa enkargua. Jolas bat da azken batean, edo hala hartu dut nik behintzat". Mezu hori jaso nuen atzo, Juan Luis Zabala 'Pipi' lankideak bidalita. Grazia egin zidan, eta zer kontatu nezaken pentsatuta lotsatu ere bai sarritan. 48 ordu pasatu ditut zer kontatu zer ez kontatu erabakitzen (autozensura delakoa). Eta ze parre neure buruari!
Hemen doa laburpena:
1. Baserritarren alaba izaki, asteburuak Elosuko baserrian pasatzen nituen umetan. Gustura joaten nintzen, arazo bat sortu zitzaidan arte: Mazinger Z marrazki bizidunak larunbatetan botatzen hasi ziren, eta astelehenetan ikastolara joaten nintzenean lagun denek ez zuten besterik izaten ahotan. Errebeldian sartu nintzen orduan: baserrira gehiago ez nintzela joango esan nien gurasoei, Mazinger Z ezagutu behar nuelako. Halako kasketa harrapatu nuen, azkenean baserriko osabak telebista erosi eta baserriko sukaldearen erdi-erdian jarri zuela.
2. Azpeitiar petoa izanda, gazteleraz hitz egin eta idazteko arazoak izan ditut beti. Unibertsitatean Iruñean hasi nintzenean, Opusen, aurreneko urtean oso lagun gutxi egin nituen, eta denak euskaldunak, gazteleraz hitz egiten ez nuelako asmatzen. Ezin nuen hitz egin. Klasekide askok atzerritarra al nintzen ere galdetu zidaten, “gutxi eta azento raroarekin” hitz egiten nuelako. Urte hartan asignatura bat suspenditu zidaten gazteleraz egindako akats ortografikoengatik.
3. Realzale eta Bartzelona zale deklaratua izan arren, karrera bukatu eta pisukideekin oporretara joan nintzenean Real Madrileko jokalari batekin parrandan bukatu nuen. Ivan Helguerarekin. Oso majoa iruditu zitzaidan, jatorra zirudien, eta oso ondo pasatu genuen berarekin. Noski, ez nion esan ez realzalea ez bartzelonazalea nintzela. Iazko San Juanetan, ostera, Bartzelonako jokalari Oleguer Hernanin ikusi nuenean bai, hari esan nion bartzelonazalea nintzela.
4. Kazetari lanetan hasi nintzenetik hanka sartze mordoa egin ditut. Aparteko abilidadea dut antzeko
izen abizenak nahastu eta berdin bihurtzeko. Iruñean, behin, Euskadi Irratirako informatibo baterako kronika egiten ari nintzela, Jorge Sanz Nafarroako presidentea esan nuen. Inor ez zen enteratu Jorge Sanz aktorea dela eta Miguel dela presidentea. Beste behin, Egunkariako kirol sailean ari nintzela, Armendariz pilotaria jarri beharrean Ariznabarreta jarri nuen. Pilotariak berak deitu zidan irabazle jarri nuelako eskerrak ematen, baina hori, berak ez zuela jokatu.
5. Kirolari nuloa izan naiz beti. Nuloa eta anti-a, gainera. Alegia, kirola egitea alperrikakoa zela aldarrikatzen zuten horietakoa. Gimnasia asignatura gainditzen ez zuen bakanetakoa izan nintzen, futbol eta saskibaloi taldeetan jokatzen hasi eta txartelak atera ostean kalera bidaltzen zutenetakoa. Orain hiru urte arte, 4 kilometro ere ezin nituen egin korrikan. Presoen elkartasun kros batean ere tranpa egin behar izan nuen, 6 km jarraian egiteko kapazidadeik ez nuelako. Orain hiru urte ordea, orduko arantza ateratzeko entrenatzen hasi nintzen, urte hartako krosa bukatu egin nuen, eta Behobia Donostia lasterketa ere egin egin nuen. Urrestillako krosean bi aldiz atera naiz, eta bietan azkena bukatu dut. Eta halere astean hiru aldiz joaten naiz korrika egitera, noiz edo noiz mejoratuko naizen esperantzan.
Egin dut niri dagokidana. Orain, beste bost kide haueri pasatzen diet erronka: Josu Badiola, Iñigo Ibarguren, Gari Berasaluze, Iñaki Petxarroman eta Otsobeltz.
Danbor hotsak entzun eta danborrada etortzen zait burura. Eta gaur San Sebastian bezpera izanda, are gehiago. Baina gaur, zoritxarrez, bestelako tanbor hotsak ere entzun dira Donostian, Azpeitian. Eta Euskal Herri osoan ere bai. Danbor hotsak gerra hotsa ere esan nahi baitu, gatazka hotsa.
Orain baietz, orain "talde terroristako kide" direla. Ibon Meñika ere bai. Kafe ere bai. Eta beste hogegi gazte baino gehiago ere bai. Hala entzun dut irratian, eta Sarriegiren doinuak tanbor hots bortitz bihurtu zaikit. Buruko mina ematen duen horietako tanbor hotsa, bihotzeko mina ere eragiten duten horietakoak.
Eta danborra ikusi dut gure etxeko gela batean. Eta Amnistiaren Aldeko taldeko traje bat. Eta kontraesanak jan nau. Aldarrikapenerako danbor hots alaiagoak espero nituen gaur gauerako. Tristeak imaginatu ditut albistea entzun bezain pronto.
Ez, ez dira goizean imaginatu bezain alaiak izango gaur gaueko danbor hotsak. Buruko eta bihotzeko mina eragiten duten danbor hotsak ere isilduko ez direlako, eta entzun nahi ditudan danborjole baten danbor hotsak entzungo ez ditudalako.
Bidegabea, injustoa... ez dut betikoa esan nahi, baina esan egin nahi dut. Esan beharra daukadalako. San Sebastian bezperako danbor hotsak soilik entzun nahi ez ditudalako, eta horiek bakarrik entzun nahi dituztenei bestelako danbor hotsak ere entzun arazi nahi dizkiedalako. "Jaiak bai, baina borroka ere bai". Hala zioen garai bateko lemak. Ez dut hainbeste eskatzen, ez dut hainbeste nahi. Baina ezingo nuke sinestu batzuk bestaldera begiratu eta ezer gertatu ez balitz bezalako danborrada egingo balute gaur. Ez disimulatu, gaur, Azpeitin, denok dakigu ez dela San Sebastian bezpera soila. Danbor hots ilunak ere denontzat dira.
Muxu bat Ibon. Kafe. Beste guztioi ere bai. Besarkada bat. Bide batez, zorionak Iker. Ez dira betiko garai onenak... Baina argituko du eguzkiak. Danbor hots gozoenak gailenduko dira, noiz edo noiz.
Testu hau gaur idazten dudan bigarren aldia da. Beste hogei aldiz ere idatziko nuke. Ezertarako balioko balu... Laster arte Ibon. Berriro ere agur.
Bruce Leeren hitzak aurrenekoz telebistan ikusi/entzun nituenean txundituta geratu nintzen. Badu indarra, edo misterioa, edo magia, edo zer edo zer aktoreak BMW-ren anuntzioan esaten duenak. Don't feel like water, BE water my friend.
Eta uretik asko dugu gizakiok. Eta horrek uste baino gehiago eragiten ei digu gure izaera eta jarreran. Dokumental baten ikusi nuen (eta, ja,ja, ez dut interesantearena egitearren esaten, benetan ikusi nuen dokumental bat!) eta horrek ere txundituta utzi ninduen: konprobatuta omen dago, urari modu batera edo bestera hitz egin, erreakzio bat edo bestea edukitzen omen du. Zientzialari batzuk froga kimikoak erakusten zituzten dokumentanlean: haserretu eta mindutako pertsona batek uraren molekulak gaiztotu egiten zituen. Atsegin eta alai daudenek berriz, urari eragin ona egiten zion.
Bitxia iruditu zitzaidan. Ez nuen guztiz sinestu, baina zer pentsatua eman zidan. Eta proba egitea erabaki nuen. Haserre negoen lagun bati ezer esan gabe atsegin hitz egiten hasi nintzaion, eta di-da, berehala desagertu zen haren malaostia. Goxo ari zitzaidan beste bati buila bat atera nion eta berehala hasi zitzaidan purrustaka. Kasorik egiten ez zidan bati kaso egiten hasi nintzen eta oso sinpatiko bihurtu zen berehala, eta kaso egiten zidan beste bati ixildu egin nintzaion eta jada ez dit hitz egiten.
Kasualidadea? Ba igual bai. Edo igual ez. Be water, my friend
Irratian entzun dut gaur. Aperitifa programan. Kotxean sartutakoan piztu dut irratia, ari zen jada elkarrizketa, eta ez naiz elkarrizketatuaren izenarik akordatzen, baina gurpildun aulkian dagoen neska bat zen.
Gurpildun aulkian egon arren bizitza normala egiten saiatzen dela kontatu du. Eta besteak beste, Kubara bidaiatu duela orain gutxi. Hegazkinean bidaiatzeko oztoporik ba ote den galdetu dio esatariakk eta oztopo bat baino gehiago dituela azaldu ditu. Besteak beste, pilotuak nahi izanez gero 24 ordu lehenago egindako mediku agiri bat eskatzeko eskubidea duela. Baina hori baino gehiago kezkatu nau ondorengoak. Honela esan dio neskak:
- Zuk hegazkin istripu bat edukiz gero, zure familiakoak zure balioaren arabera milioi batzuko kobratuko ditut. Niri zerbait gertatzen bazait, maleta baten adinakoa soilik ordainduko dute.
- Benetan? Aho zabalik utzi nauzu –esan dio esatariak–
- Ba sinestu ezazu, halaxe da eta.
Ez dut araudirik kontsultatu, baina sinestu egiten dion neska horri. Eta benetan larria iruditzen zait esan duena. Benetan larria gertatzen dena. Kezkatuta ez ezik, haserretuta ere geratu naiz ni, bidegakeria hori burutik ezin kenduta. Maleta baten adinako balioa duela gurpildun aulkian dagoen pertsona batek. Hegazkin konpainientzat bai behintzat.
Oraindik aterrizatzen ari naiz. Senegalen izan naiz oporretan, hilabete inguruan, eta han ikusi eta bizitakoak hiru egun eskasetan ahaztekoak ez direnez, zurien zibilizaziora berriro ere ohitzen lanak ditudala onartu behar.
Asko dago kontatzeko Afrikaz, asko gozatzeko, eta, bai, asko salatzeko. Lasai, ez naiz banan-banan hangoak kontatzen hasiko. Badakit zein gogaikarria izaten den ondokoa bidaiako argazkiak hartu eta esplikazioa gora eta esplikazioa behera entzutea. Baina gaur, bazkal ostean Malariaren kontrako pastilla hartu dudanean jakin dudana behintzat kontatzen utziko didazue.
Han ginela Quebec-eko mediku eta erizain gazte birekin topo egin genuen. Malariaren kontrako kanpaina batean ari ziren lanean, hango ospital batean. Gogorra dela, oso. Umeak hiltzen direla, batik bat, berandu iristen direlako, sendagairik ez dutelako, prebentzio neurriak hartzeko baliabiderik ez dutelako. "Joe, gogorra", esaten genuen, hemengo medikuak errezetatuko pastilla hartzen genuen bitartean. Gu, zuriok, bai eroso. Gurekin zebilen senegaldar batek pastilla bat kendu eta nola tragatu zuen ikusteak ere grazia egin zigun. Pastilla batek ez du ezer egiten, bi hilabeteko tratamendua behar da Malaria prebenitzeko.
Eta gaur zer jakingo eta berez Malariaren kontrako txertoa asmatuta dagoela. 1995 inguruan Patarroyo delako zientzialari kolonbiar batek asmatu zuela. Baina Patarroyok ez ziola inongo multinazionali saldu nahi izan txertoa, ez baitzuen nahi gutxi batzuren esku geratzea, alegia, horrekin inork negoziorik egin eta benetan behar zutenek eskuratu ezinik geratzea. OME Osasunerako Mundu Erakundeari eman omen zion txertoa Patarroyok, musutruk. Baina negoziorik ez ezean txertorik ez, eta inork ez omen zuen garatu txerto hori.
Mundua zein bidegabea den ikusi dut berriro ere. Gu oporretan hara eta haiek hona etortzeko bizia arriskatzen. Malariaren kontua adibide bat besterik ez da. Nik poltsikoan dut pastilla, eta halaxe izango dut ondorengo egunetan ere. Duela astebete nere ondoan zeuden zenbaitzuk gaitza harrapatzeko bidean izango dira agian. Munduaren alde batean edo bestean jaiotzearen zoria. "Zurioneko" mundua egin duguna zuriok. Bai, "zurionekoa" eta ez zorionekoa.