Urte eta erdiko haurdunaldiaren ostean, erditu dut nire lehen liburua: ERO.
19 ipuin laburrez osatutako liburuaren aurkezpena, gaur izango da Bilintx Megadendan. Erotasunaren eta erokeriaren inguruko liburua da idatzi dudana.
…
Nire gogo eta indar
eman behar dizut dena
gaur ezetza izan dena
baietz izan dadin bihar.
Eta txaloak.
Lasaitu ederra hartu nuen bukatu nuenean. Duela hainbat urtetik buruan nerabilen eta azken astean guztiz bereganatu ninduen asmo bat erditu berri nuen. Erditze gehienak bezala, gogorra baina ederra.
Gogorra, kontzentrazio maila handia eskatzen duen moldea delako, eta jendearen erreakzioaren beldur nintzelako. Ederra, jendeak nire beldurra uxatu zuelako, eta eragina izan zuelako. Indiferentzia da gure etsai handienetako bat, eta kartzelako lanean osatu nuen hamasei puntuko habanerak inor gutxi utzi duen indiferente; gehienen eskemak puskatu zituen. Entzuleek elkarri begiratzen zioten, “ze kristotan dabil hau?” elkarri galdetuz. Epaileek lapitza estutu eta kaskoak jantzi zituzten. Jendearen zurrumurrua sumatzea ikaragarria izan zen. Bai batzuen bai besteen jarrera txalotu beharrean nago, espero baino hobeto erantzun baitzuten.
Gongora eta Quevedo
Forma eta edukia. Horra bertsoaren ardatzaren aldameneko bi saski. Moldearen eta bertsolariaren arabera bertsoaren balantza batera edo bestera makurtzen da. Igandean formak edukia menderatu zuen. Badu molde honek horretarako arriskua, zaila baita; baina horrek ez du esan nahi molde horrekin kantatzen den aldiro hala gertatuko denik. Oraindik ere behar adina esperimentatu gabeko bidea da eta baliteke lehen pausoak trakets antzean eman izana eduki aldetik; baina uste dut landuz gero beste moldeetan bezain aske jardun gaitezkeela. Edo askeago batzutan. Askatasun desberdina da dezimarena: bertsotan egin daitezkeen gauza batzuk ezin dira egin, baina egin daitezke bertsotan egin ezin diren gauzak.
Muturreko haustura egin nuen, eta txapelketaren bozgorailua erabili. Egia da zailtasun teknikoan oinarritu nuela habanera hura, baina uste dut hain lotuak ez diren (baina egitura antzerakoa darabilten) doinuak sortuz gero gauza berriak esateko modua izango genukeela bertsolariok. Nik habanera hautatu nuen, moldea ez, baina doinua ezaguna izan zedin. Baditut dezimak ere sortuak, eta poliki-poliki horietan esperimentatzeko garaia ere iritsiko da. Nik jendeak estimatu zuela, ausardia behintzat. Esperimentu asko egin litezke oraindik bertsolaritzan, edukiz eta formaz. Proposamen bat gehiago besterik ez da nirea.
Noticias de Gipuzkoarako idatzitako testua
Indian atentatua izan zen atzo. Hyderabaden bi lehergailuk egin zuten eztanda eta 44 hildako eragin zituzten. Lehen lehergailua laser-ikuskizun baten armailatan lehertarazi zuten eta jatetxe batean bigarrena. Zartatu gabeko beste zazpi lehergailu aurkitu zituen atzo poliziak.
Ez dago argi nork burutu duen erasoa. Gobernuak Bangladesh edo Pakistaneko talde islamistei egotzi die ardura. Harkat-ul-Jehadi Islami (Huji) erakundea hartu dute ahotan askok. Maiatzean beste atentatu bat izan zen Hyderabaden eta eurei egotzi zieten erasoa.
Bangaloretik kilometro gutxira dagp Hyderabad. Askok 'Cyberabad' deitzen diote, Bangalore bezala Informazioaren Teknologiatan espezializatuta dagoelako. Mehatxatuta daude bi hiri hauek zenbait sektore kanpoko enpresatan oinarritutako garapenaren aurka daudelako. Dena den, ez dago jakiterik nor izan den lehergailuak jarri dituena, izan ere, erasoa jende multzo hetereogeno batzuen aurka egin baita, ez gizatalde konkretu baten aurka.
(Duela hilabete izan ginen Hyderabaden. Jainkoantzat sakrifizioak egiten ziharduten hinduistek)
Asko hitz egin da albistearen beraren objetibotasunaz, baina askotan albistearen parte garrantzitsu baten objetibotasuna ahazten zaigu: argazkiena.
Adibide dibertigarri bat topatu dut.
Argazki bat libertaddigitalekoa da eta bestea El Paísekoa.
Bilatu zazpi diferentziak.
