Gaur, asperturik nere logelako kajoiak miatzen jarri naiz altxorrik haundienaren bila jardungo nintzenaren moduan. Ez duzu ezer berezirik aurkitzeko itxaropenik bainan ahalegin horretan, hor zabiltza logelako kajoi guztiak hankaz gora jartzen. Eta azkenean zer aurkitu eta espero ez zenuen hura, bainan momentu horretan hainbeste garrantzia duena eta ezer baino gehiago asetzen zaituena, altxor preziatua.
Gaur, nere txikitako egutegia aurkitu dut. Amak erositako egutegia. Begirada batez oroitzapen ugari etorri zaizkit gogora. Ba hori… oroitzapenak, hiztegiaren hitzetan, oroimenean gordetzen diren iraganeko gogapenak. Bainan, iraganeko zein gogapen? zein modutakoak? tristeak ala alaiak? guztiak? edo filtro moduko bat egiten dugu eta gogoratu nahi duguna besterik gordetzen dugu? edo ahaztu ezin duguna? edo ahal duguna?…tira, utz ditzagun galdera aldrebes horiek beste baterako.
Liburuari erreparo egin eta gogotsu, irrifar batek harrapatu nau izenburua ikustean. “Egutegi pribatua”. Kontxo!! izenburu aproposa edonorentzat, kaso zipitzik ez egiteko (kar kar). Dagoeneko ahaztuta nuen bere existentzia. Non sartu zara orain arte? Denbora asko igaro da oheratzerako unean elkar egoten ez ginela.
Harrigarria da denboraren poderioz bizitzen ditugun aro desberdinak. Guztiak, alaitasunez, atsekabez, estuasunez… josiak, biziak. Aurrera begira, ekintzak zureak dira eta zu zara maisu bainan, atzera begira ordea, ez daukazu zer eginik. Honen harira badago txinatar esaera bat antzeko zera dioena,
Egin ezazu gaurkoaz egun zoragarri bat, bihar gaurkoaz duzun oroitzapena egun zoragarri bat izan dadin eta biharra esperantzaz beteriko egun bat.
Aurkitu berri dudan egutegi hau, nire haurtzaroren pintzelada txiki bat baino ez da, eta dagoeneko, etorriko diren garai berriak marrazteko irrikitan nago.
Ostirala, gaua eta ez dut ateratzeko gogorik. Logelan nago. Zerbait idazteko grinaz edo gogoz, ordenagailu aurrean ipini naiz, teklatuko hizkien lasterketa ikusteko ezperantzaz.
”Animo Mikel!! Ziurrenik bururatuko zaizu zer kontatu edo aipatu” .
Isiltasuna nabari, gaurko egunari beharreko zukua atera ez diodala aitzaki, aste honetan gertaturikoak ekarri nahi izan ditut gogora oheratu baino lehen.
Eta beste egun bat, asteko egun bat, askorentzat, ia guztientzat egun zoragarri bat, jakinik asteburua bertan dugula; bi egun oso besterik, patsadaz, eromenez… bakoitzak nahi eta merezi duen modura igarotzeko. Eta ez adi lokartu!!!berandu izan baino lehen, Ring Ring!!! astelehen goizeko erloju madarikatuak ohetik altxatuko zaitu eta, lanera joateko.
Eta horrela, aste bat, bi hilabete, hiru urte… monotonia zikliko batean sarturik, non gizarteak bere hobe beharrez apainduriko harresi hauetan egonik, gizarte kapitalista honetako betebeharrak inor baino hobeto betetzeaz eta asetzeaz arduratzen garen. Ez ote ditugu dagoeneko harresi hauek etxekotzat hartu?
Tik tak tik tak… logelako erlojuak, hain zuzen ere astelehen goizetan hain madarikatua izaten den hori, oraindik ez du nahikoa eta logelako isiltasuna apurtzeaz gain, nere gogoetatik atera nau. So egin, goizeko ordu batak dira. Hortzak garbitu, txiza egin eta oheratu naiz.