'I REMEMBER YOU'
[TUCK & PATTI]
EMARCY
Orain dela 30 urte ezagutu zuten elkar Tuck Andress-ek Oklahoma eta Patti Cathcart-ek San Francisco Stanford unibertsitatean; ezagutu, eta bost urte geroago ezkondu. Ordutik hona, Pattiren ahotsa eta Tucken gitarra elkartu dira hainbat diskotan jazza, rhythm & bluesa eta pop berezia garatzeko. Kaliforniako bikoteak lau urte grabatu gabe eman du estudiotik at, eta azken finez hutsunea bete dute lan interesgarri honekin: hamar kantu, hamarrak estandarrak. Baina, aurreko lanetan bezala, bere modura gauzatu du bikoteak: Pattiren ahotsa primeran dabil oraindik, eta bera arduratu da konponketez eta ekoizpenaz; Tucken gitarra elektrikoa akorde berrien eta bitxien artean aritu da. Jazz klasikoa gustukoa baduzu, hamar aukera dituzu hemen: I Remember You Mercer, In a Sentimental Mood Ellington, A Foggy Day eta Embraceable You Gershwin, With a Song in My Heart Rodgers & Hart, The Very Though of You Noble, scat eta guzti… Diskoa entzuten den bitartean, gomendagarria da barneko ohar luzeak irakurtzea. Lan fina hiru osagaiz baliatuta: ahotsaz, gitarraz eta bihotzaz.
'EXTRAORDINARY RENDITION'
[RUPA & THE APRIL FISHES]
CUMBANCHA
San Frantzisko aldetik datorkigun talde honen proposamena definitzen gaitza gertatzen zaigu: denetarik egiten du, hizkuntza askotan, instrumento akustikoekin eta zirkuaren giroaz. Kantari eta lider moduan Rupa Marya topatzen dugu, Punjab-en sustraiak dituen medikua. Hamahiru kantu hauetan aniztasun alai hori egiaztatu dezakegu: frantsesez Maintenant, C'est pas de l'amour, Une americaine a Paris, La pecheuse… Ingelesez Not so Easy, Wishful Thinking, gaztelaniaz Poder eta hindiaz Yaad.
Frantzian bizi zen Rupa gaztaroan eta hortik datorkio horko hizkuntzaz kantatzeko erraztasuna. Musikalki ere, Frantziarako joera dauka, Paris moduko akordeoia, celloa, tronpeta edo perkusioa entzuten ditugunean. Polita ere da taldearen izenaren jatorriaren istorioa ikusi zer diren Les poissons d'avril Frantzian, baina askoz politagoak, baikorragoak, umoretsuagoak eta kutsagarriagoak dira emakume honen kantuak. Aztertu, esaterako, Une americaine a Paris leloaren testua bideoa Youtuben duzu. Mestizaje ederra eta ongi burutua, batez ere lehendabiziko diskoa dela kontuan hartzen badugu.
'TCHAMANTCHE'
[ROKIA TRAORE]
TAMA / UNIVERSAL
Rokia Traore Maliko kantariak 1974 hiru urte hartu ditu laugarren lana grabatzeko, aurrekoak, Bowmboi-k, urrezko diskoa lortu ondoren Frantzian. Hasteko, Bordele aldera abiatu da bizitza berri honetan, eta Landetako Le Manoir estudioan sartu ditu hainbat lekutako musikariak.
Horren ondorioz eta Phil Brown britainiarraren ekoizpenari esker, kantu hauen soinua ez da hain afrikarra, eta blues eta rock tantak sakabanatzen ditu kantariak.
N'goni gitarra txikia da topatzen dugun tresna afrikar bakarra. Rokiak ere zerbait aldatu du: antzinako gitarra akustikoa elektriko bilakatu du eta Gretsch soinuak disko osoa tindatzen du.
Kantu gehienetan bambara hizkuntzaz egiten du Rokiak, eta frantsesaz ere Zen, Aimer baliatzen da. Maliko musikan gertatzen den bezala, kantuak hipnotikoak gerta daitezke Aimer, Koronoko, Tchamantche eta giro berezia lortzen dute luzeak direnean A ou ni sou, Dounia, Kounandi. Gogoraraz dezagun aldatu ez den beste langaia: Rokiaren ahots hunkigarria eta xarmagarria. Egin duen lan osoa Maliko Ali Farka Toure zenduari eskainita dago.
'HELLMUGA'
[LATZEN]
AUTOEKOIZPENA
Oñatiko taldeak bueltatzea erabaki zuten, taldea banatu eta zazpi edo zortzi urte geroago, agur egokia egiteko. Helburu horrekin Infernuko atean izeneko bira antolatu zuten, eta horren isla da Hellmuga izeneko lan hau: hamabost kantuko CDa eta hiru ordu luzeko DVDa. 90eko hamarkadako metala hartu zuten gipuzkoarrek, speed metal eta power metal estiloak batez ere, beren kabuz lantzeko. Laukoteak soinu sendoa, indartsua, gihartsua eta propioa lortu zuen garai hartan, eta erraztasun handiz berreskuratu dute. Eskoriatzako kiroldegian grabatu zuten, dozena bat kontzertu egin ondoren. Zuzeneko soinua izan arren, bikain entzuten dira kantuak, Angel Katarain eta Haritz Harregi teknikariei esker. Betiko himnoak hortxe daude, entzuleen laguntzaz: Laztana, Ardi larruz, Ze ingo xu, Lurra odolean… Bertsioren bat ere gehitu dute —Kortaturen Zu atrapatu arte— konpaktoaren 77 minutuak bukatu arte. Aitor, Gorka, Iker eta Joxe gustura geratu ziren —irudietan ikusten da argi eta garbi—. Bizpahiru kontzertu falta zaizkie oraindik benetan eta behin betiko agurtzeko; zure herrian agertzen ez badira, lan bikaina duzu hau Latzenen ibilbidea gogoan izateko.
'AHARI-TALKA'
[ZEIN]
NOIZPOP
Hiru urteko tartean lasai ibili ondoren, bueltan dugu Ortuellako Bizkaia laukotea dozena bat kanturekin. Kepa Bilbao kantariak sortu ditu hitz guztiak, talde osoa musikaren arduraduna delarik. Gontzal anaia, baterian, Mikel Gonzalez taldekide berria, baxuan, eta Joakin G. Pikaza, gitarran, ditugu gainontzeko partaideak. Betiko jarrerari eusten diote taldekideek, erronkei aurre egiteko prest; dena den, hasierako noise-pop doinuetatik pop-rock estilora pasatu dira Meatzaldekoak melodiari garrantzia handiagoa emanez eta psikodelia gehiago tartekatuz. Bide horretatik mugitzen dira Moztu arren, Gelditu behar duzu, Leku sekretu, Segi ezazu orain eta Otsoa akatu lasaiak. Beste ertzean, saturazioaren atean, Animalia perfektua, Moztu arren eta Aukera bakarra ditugu. Soinuaren ikerketa ez da falta eta giro bereziak topatzen ditugu Desertuan eurian edo Orbitan kantuetan. Modu lasaian amaitzen da diskoa, Innsbruck hirian hain zuzen, «udazkeneko kolore marroiak» ikusten ditugun bitartean. Geografia zabala erabiltzen du talde bizkaitarrak buelta honetan; modu ezin hobea bidean ez galtzeko.
'A MAN AND A FAITHFULL TELLING'
[DEVOTCHKA]
ANTI
Ez, ez dira errusiarrak taldearen izena irakurrita bati baino gehiagori hala iruditu arren. Denvertik Colorado datoz, eta lau taldekide izan arren, askoz gehiago ematen dute. Little Miss Sunshine film independentean agertzen zen taldearen musika: ijitoa, greziarra, ekialdekoa, mariatxia eta punk-folk tanta batzuk dituena. Tresna akustikoez baliatzen dira unibertso aberats hori eraikitzeko: saxoa eta akordeoia, pianoa eta biolina, bouzouki-a eta kontrabaxua, tronpeta eta perkusioak. Laugarren lan honetan, estatubatuarrek hamar kantu bildu dituzte, hamar talde ezberdin izango balira bezala. Nick Urata dugu taldeko liderra, kantari iaioa eta gidari trebea: munduan zehar garamatza konturatu ere egin gabe, Italiatik Mexikora, Pragatik Parisera, Greziatik Sarajevora... Hamar kantu hauetan musika hutsezko pare bat daude, hitzik gabe: Comrade gypsy meets mariatxi eta Strizzalo, Italiako eta Frantziako aireez beteriko bals laburra. Eta beste hauek ere gustukoak ditugu: hasierako Basso profundo, Along the way, The clockwise witness primeran Urata giro epiko honetan eta Transliterator bitxia. Ustekabez beteriko disko xarmagarri bat.
'ALIK'
[ORCHESTRE NATIONAL DE BARBES]
SOUDANI / KARONTE
Bederatzi urte pasatu dira Parisko Orkestrak Poulina aurreko lana kaleratu zuenetik. Youssef Boukellaren taldeak zuzenean grabatu du disko osoa, azken urteotan erabilitako etxe batean. ONB Orchestre National de Barbes handiaren hirugarren disko honetan hamar kantu berri aurkituko ditugu, eta argi dago taldearen garapena aurrera doala. Hasierako rai giroak hor azpian daude, baina urte hauetan entzundako eta ikasitako soinuak kantu hauetan agertzen hasiak dira. Diskoa askoz rockeroagoa da, batez ere erritmoetan. Baina melodiak, perkusioak eta Boukellaren ahotsa, askotan arabieraz, Magrebeko giroetan barrena abiatzen dira: rai-reggaea, gnawa, funkya, groove hipnotikoa... Alik hitzak erne edo pentsatu esan nahi du, rai inguruko jaietan, eta erne entzun beharko dugu disko hau. Frantsesez egindako kantuetan, Parisko auzoetako ahotsa entzuten da: etorkinei buruzko Residence Kongoko soukous aireaz, Frantziako Alderdi Sozialistaren aldaketa –La rose valse–, amodioa –Madame–... Eta ustekabe moduan Rolling Stones taldearen Sympathy for the devil, Magrebeko estiloan. Itzulera ederra eta egokia, inolako zalantzarik gabe.
'ZURETZAT'
[EZINEAN]
GOR
Azpeitiko Gipuzkoa laukotea aurrera doa, jo eta ke, bere musika ibilbidean, eta hainbat kontzertu eskaini ondoren bueltan ditugu Zuretzat izenburuko bigarren lan honekin. Langaiek betikoak izaten jarraitzen dute: hardcore melodikoa eta punk rock sutsua. Diskoan bildu dituzten hamabost kantuetan ikuspegi kritikoari eusten diote, batzuetan ironia zorrotzaz: Yupiren mundua izeneko kantuan, esaterako. Diskoko gainerako kantuetan, ordea, ez dira hain umoretsuak edo lagungarriak: Emakume, Zapalduak, Ez dakit, Gran Hermano... Laukotea ingelesez ere ausartu da: Antifreedom conspiration kantuan serio-serio, eta The Uncle Moe's ranch country & rock abesti laburrean, berriz, erdi txantxetan. Dena den, pop aldera hurbildu dira une batzuetan, Iban Amenabarren abeslariaren ahots bereziaz lagunduta. Oier Ezeizak eta Jon Regaño taldekide berriak gitarren ahotsak sutan mantentzen dituzte, eta abiada bizian aritzen dira Iban baxuan eta Iban Amezua baterian. Bereziki kantu oldarkorretan Dena ondo, Kontaidak, Hor al zaude, Ez garena izan nahiean.... Soinu berri baten bila dabiltza azpeitiarrak eta, zorionez, antzematen da.
'Honeydripper'
[Askoren artean]
RHINO
Film estreinatu berriaren musika dugu disko hau. Ixtear dagoen areto baten istorioa eta gitarra jotzaile gazte bat agertzean nola aldatzen den guztia kontatzen digute John Sayles-en filmean. Dena 1950ean gertatzen da, jazz big band famatuak behera doazenean eta musika berri ugari hedatzen direnean, rhythm & bluesa, rock-and-rolla, gospela, country & westerna, rockabillya... Filmean bezala, estilo horiek guztiak entzuteko aukera dugu hamabost kantu hauetan, bi instrumentu hutsezkoekin hasita: Honeydripper Lounge The Aces of Spade-ren rhythm & bluesa eta Tall cotton Mike Turk-en harmonikaz. Hortik aurrera izenak eta estiloak biderkatzen dira: Hank Williams bere herrian filmatu zen istorioa, Keb' Mo', Danny Glover artista eta kantaria!, Mable John, Memphis Slim, Ruth Brown, Barrence Withfield, New Beginnings Ministry… Oso zabala gertatzen da diskoa, baina hobeto ulertuko da filma ikusi ondoren. Aukera ez badago, itxi begiak eta zuk zeuk asmatu gidoia: trenbideak, tabernatxoak, gaueko dantza, gitarra elektrikoa, kotoi eremuak, amodioa... eta, batez ere, musika aberatsak bidegurutzean...
'Iinterpreta Baden Powell'
[Maria Creuza]
IRIS
Maria Creuza kantaria aspaldidanik ezagutzen dugu, Vinicius de Moraes eta Toquinhorekin La Fusa aretoko diskoak grabatu zituenetik hain justu ere. Azken bolada honetan lan monografikoak burutzen ari da Bahiako artista: Moraes lagunarik disko oso bat dedikatu zion 2005ean, eta oraingoan Baden Powell-i hartu dizkio kantuak. Lan fina eta leuna bete du Mariak, eta Raymundo Bittecourt ekoizleak jazz moduko neurrizko konponketak landu ditu Baden Powell-en giro moderatuaren arabera. Haize sekzio txikiaz tronpeta, saxoa eta tronboia baliatu da Maria helburu hori lortzeko. Roberto Menescal beteranoak gitarra akustikoa landu du, hain ondo ezagutzen ditugun kantu hauetan: Berimbau, Samba da bençao, Samba triste, Canto de Ossanha, Pra que chorar, Deixa… Powell-en 70 urteurrena bete zen iaz 2000 urtean hil zen gitarra jotzaile nabarmena eta 50 urte beteko du bossa novak uda honetan. Diskoak, berez, ez du ezer berririk asmatzen; dena den, xehetasunak gehitzen dizkio kantu zerrendari. Une ederra, beraz, atzerantz begiratzeko gaurko izpirituaz.
'In Pure Spite'
[The Maharajas]
Low Impact / Bloody Hotsak
Hogei urte daramate suediar hauek jo eta ke garage estiloaren barruan. Eta horrek honako hauek ekartzen ditu: 60ko hamarkadako rock-and-roll sutsua, 70eko hamarkadako pub-rock izerditsua, kantarien ahotsak ertzean, lelo kutsagarriak, Fender gitarrak nezaezinak One man team, Yeah yeah, kantu laburrak 14 guztira 37 minutuan, atera kontuak, riff landuak Not a new sensation, The boy inside, Suckerpunch, Farfisa lagungarria One leg on each side-n edo On hold-en, esaterako, ahozko harmoniak, ertaineko erritmoak noizean behin Alaska beach, I'm not going home, giro dibertigarria eta dantzan egiteko une ugari. Beraz, disko honetan ez dago gelditzerik. Kantu guztiak taldearenak dira: Ulf Guttormsson baxu jotzaileak konposatu ditu gehienak, eta Jens Lindenberg gitarra jotzaileak beste pare bat gehitu ditu. Dena den, Mathias Lilja kantaria da taldearen erreferentzia: nahikoa dugu haren ahotsa entzutearekin. The Inmates, Eddie & The Hot Rods, Dr. Feelgood edo The Godfathers lagunak badituzu, Stockholmera joan beharko duzu.
'New Dawn-Ku Khata'
[Neco Novellas]
world connection
Neco Novellas Maputon Mozambike jaio eta hazi zen, musikari familia batean. Bost urte eman zuen Portugalen musika klasikoa ikasten, eta azkenean, Rotterdamen kokatu da. Hiri horretan grabatu du bigarren lana, anai-arreben laguntzarekin: Cidelia, Isabel, Isildo eta Nelson aritu dira ahotsetan eta hainbat tresnatan. Necok ahots ederra du, sakona eta leuna, Al Jarreau-ren eta Arnaldo Antunes-enen artekoa. A capella hasten da diskoa, Ku khata leloaz, eta berehala abiatzen da Mozambikeko sustraiak, jazza eta beste soinu akustikoak nahasten. Oso garrantzitsuak dira Cideliaren eta Isabelen ahozko harmoniak Gilberto Gilekin kantatu dute hauek. Necok garrantzia handia ematen dio komunikazioari Zula zula-n honetaz aritzen da kantaria eta hizkuntza ugariz egiten du lana: portugaleraz, ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz eta hebreeraz, haurtzaroko hizkuntzak ahaztu gabe ronga, xangana, chopi. Honez gain, oso gitarra jotzaile fina dugu Neco, eta bere akustikoa maiz entzuten dugu Swile Navo, The train, Tikona, O sol kantuaren giroa ezartzen. Beraz, beste artista afrikar interesgarria Europan lanean.
'OFF THE RADAR'
[ALLY KERR]
MUCH OBLIGED
Oso famatua da Glasgowko Eskozia mutil gazte hau bere lehendabiziko diskoaren kantu bat Japonian Anime telesaila batean kokatu zuenetik. Bigarren lan honetan hamabi pieza berri konposatu ditu Allyk, hiriko pop estiloan: Teenage Fanclub, Belle and Sebastian, Franz Ferdinand. Ahozko harmoniak landu ditu kantariak, Chris Leonard gitarra jotzailearen laguntzaz, Kings Of Convenience-ren antzera. Gitarrak, pianoa, bestelako teklatuak, mandolina, banjoa… Tresna gehienak akustikoak dira eta melodiak berehala sartzen dira buruan: Be the one, Could have been a contender, Off the radar, Mystery star edo The truth that I have learned hurbilak dira, baina batzuetan oso antzekoak gertatzen dira.
The toothbrush song, Old friend, Is it too late to work for NASA eta Amorino baladek aire hauskorrak hartzen dituzte kantari honen ahotsean, baina minberak gertatu gabe. Oso disko egokia eta zuzena kantari gazte honena. Gogora dezagun, bitxikeria moduan, non grabatu duen: Glasgow ondoko East Kilbride-n, Aztec Cameraren sorlekuan, hain zuzen. Roddy Frame berria
'Kunst und unkuns'
[Kärnvapen attack]
Mala Raza, LP
Kärnvapen Attack Zaragozako punk talde bat dugu, zeinak zenbait single kaleratu ondoren beren lehen lan luze hau kaleratu duen. Eskandinaviar hardcore-punkaren jarraitzaile sutsuak izaki —urrun joan gabe, taldearen izena Mob-47 suediar hardcore talde ospetsuaren kanta baten izena zen—, abiada handia jartzen diote beren musikari, bateria nahiko markatua eta Dischargek eta han goitik egiten zituzten erritmoak errepikatuz, doinu errepikakorrak eta ahots erlatsa. Disko honetan ere erakusten dute badituztela beste eragin batzuk; esaterako, badaude tarte geldoagoak non ahotsa arrunta bihurtzen den. Hitzetan ere nabaritzen dira aipatutako bi gauzak; alde batetik, hitz kritikoak nahasten baitira umorezko beste batzuekin —taxisten eta Madrilgo hiriaren aurkako kanten kasua—. Biniloaren aurkezpenean beste eragin zuzen bat nabaritzen da, Crass talde ingelesarena, afixa erraldoi batean irekitzen den azala collagez apainduriko diseinu polita baita. Diskoak urte pare bat ditu, eta dagoeneko zerbait berriaren atzetik dabiltza, baina diskoak freskotasunari eusten dio, eta kontzertuak ikusten jarraitzeko gogoa ematen du.
'SEASONS'
[JOHNNY KAPLAN & THE LAZY STARS]
BITTERSWEET RECORDINGS
Filadelfiako Amerikako Estatu Batuak mutila ez dabil presaka; bi urte eman du han-hemenka hirugarren disko hau grabatzen. Eta kantu gutxi izan arren, bere eta gure gustuko iturriak argi eta garbi entzuten ditugu diskoa aurrera joan ahala: Rolling Stones Smoking tar, Dylan Seasons, Long rain, Tom Petty Still lonely, Keep rollin', Gram Parsons Miracle mile madonna, Together in the morning… Baina askoz gehiago dugu lan honetan: Kaplanen ahots berezia, Rik Sanchezen The Poor Boy taldekoa gitarrak, 70eko hamarkadako rock klasikoa eta pertsonala, erritmo bikote fina The Bastard Sons of Johnny Cash taldeko bateria jotzailea, Joey Galvan, eta Rubia taldeko Jokin Salaberria gaztea baxuan —ez, ez naiz txantxetan ari—. Agurreko Sunflower hair kantu zaila dugu: Johnnyren ahotsa eta gitarra, besterik ez, baina froga erraz gainditzen du. Esan bezala, disko laburra dugu, 35 minutukoa. Dirudienez, Johnny Kaplanek bidean baino estudioan nahiago du egon. Aurreko diskoetan country-rock estiloa oso hedatuta bazegoen, oraingo honetan bestelako sustraiak elkartu dira entzule gehiago eta ezberdinak harrapatzearren. Norabide ona, bai.
duintasunez eutsi
Duintasunez eutsi
Collapsed
verdes mariposas
Rumba and Roll
ViernesEman botoa zure ustez egun entzuten den kantu eta talde hoberenari
Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008