Matraka.info

Gazteok matraka egitera goaz!

elkarrizketak

 IGOR MARTINEZ

Mailari eustea lortu du Alavesek azkenean. Asko sufritu dute denboraldi osoan, baina pozik daude jokalariak, baita Igor Martinez ere Gasteiz, 1989.

"Zaleak benetan ongi portatu dira gurekin"

1 Zorionak! Espero al zenuten Bigarren Mailari eustea MIKEL
Lehenik eta behin, mila esker. Egia da asko kosta zaigula mailari eustea. Baina Realaren aurkako partida irabazi eta gero denek pentsatzen genuen lortuko genuela. Izan ere, oso partida zaila izan zen hura eta lortutako emaitzak indarra eman zigun aurrera egiteko eta taldea zulotik ateratzeko.

2 Zer sentitzen da mailaz jaisteko eta era berean taldea desagertzeko zorian ikusten denean Burutik pasatzen al da dena bertan behera uztea ZORIONAK
Uste dut sekula ez duzula pentsatzen dena bertan behera uztea. Baina egia da oso une zailak pasatu behar izan ditugula, gogorrak. Nire kasuan, gainera, lehenengo urtea izanik, benetan zaila izan da. Pentsatzen dut hala izan dela beste taldekide guztientzat ere.

3 Zer esango zenieke aurten hain gertu izan dituzuen Alaveseko jarraitzaile horiei guztiei IZENIK GABE

Egia da, bai, gurekin etorri dira batetik bestera. Ez digute hutsik egin. Ezin izan diegu beraiek ikusi nahi zuten futbola eskaini eta bihotzez eskertzea baino ez zaigu geratzen. Zaleak benetan ongi portatu dira talde osoarekin.

4 Futbolean aritzeko, zer utzi behar izan duzu albo batera Zer uzteak eman dizu pena gehien ALAITZ
Egia esan, ez dut gauza asko alboratu behar izan. Aurten, egia da ikasketak alboratu ditudala. Baina, besteak beste, ezustean harrapatu nauelako izan da. Ez nuen lehenengo taldearekin jokatuko nuenik espero. Baina datorren urtera begira arratsaldez egiteko zerbaiten bila nabil.

5 Lehen mailako zein taldetan jokatzea gustatuko litzaizuke Zein da zure talde gogokoena AURKI
Argi dago ahal izango balitz Alavesekin jokatu nahiko nukeela lehen maila horretan. Urte zailak pasatu ditu Alavesek, batez ere azkeneko urte hau. Baina orain talde berria osatzera doa eta gogotsu gaude gauza onak egiteko.

6 Jokatuko al zenuke Espainiako selekzioarekin horretarako aukera emango balizute Eta Euskal Herrikoarekin NI
Euskal Herriko selekzioarekin jokatzeko aukera izango banu, zalantzarik gabe, Euskal Herrikoarekin joango nintzateke. Proposatuko balidate, biekin joango nintzateke, baina asko gustatuko litzaidake Euskal Herrikoarekin jokatzeko aukera izatea, noski.

7 Zein da Alaveseko jokalari onena Nork erakutsi dizu gehien OIHANE ZALDIBIA
Niri gehien irakatsi didan jokalaria Iñigo Calderon izan da, zalantzarik gabe. Eta uste dut aurten denboraldi onena egin duen taldekidea Mehdi Lacen izan dela.

8 Zer egin du gaizki Alavesek denboraldi honetan hainbeste sufritzeko Zerk egin du huts IRATI, ZORNOTZA
Egia esan, ez dakit. Oso urte zaila izan da eta bagenekien sufritzea tokatuko zitzaigula. Agian, ez genuen uste amaierara arte horrela ibiliko ginenik, baina bai gogorra izango zela.

9 Donostiar askorentzat dagoen gauzarik txarrena da jada Alaves. Zer pentsatzen duzu horrelakoak entzunda TXARO, ELGETA

Ez dakit, bada! Sportingen aurkako partida jokatu genuen egunean gu ginen gaiztoak, baina azkeneko egunean Alaveseko ezkutuari musuka ari ziren. Futbolean gertatzen diren gauzak dira. Niri gustatuko litzaidake Reala, gu eta Eibar ere lehenengo mailara igotzea eta euskal talde guztiak goian aritu ahal izatea.

10 Josu Uribe edo Jose Maria Salmeron Esan bakoitzaren bi gauza on eta bi gauza txar. Baina esan e! AITOR GASTEIZ
Nik gauza onak baino ezin ditut esan biei buruz. Nire lehen urtea izan da profesional moduan jokatzen eta biek eman dizkidate minutuak. Eskerrak eman behar dizkiet biei profesional moduan jokatzeko aukera eman didatelako.

11 Ez al zaizu iruditzen futbolak antolatuta dagoen bezala —ikuskizuna, dirua...— gizarte honi kalte handia egiten dionik IZENIK GABE
Niri futbola hainbeste gustatzen zaidanez, uste dut ez dagoela gaizki. Gustatzen zaidan gauza bat da eta momentuz gozatzeko aukera daukat.

12 Zein selekziok jokatuko dute Eurokopako finala JOSU
Italiak eta Holandak. Igandeko partidaren aurretik emandako erantzuna.


XIZPIAK

Zer izan nahi zenuen txikitan Futbol jokalaria.
Zein da zure musika talde edo bakarlari gogokoena Hip-Hopa asko gustatzen zait eta gogoko talde asko ditut.
Eta kantu bat aukeratzekotan Ez nuke jakingo bat aukeratzen.
Zure janari gogokoena Pasta.
Zer gabe ez zara sekula etxetik ateratzen Sakelako telefonorik gabe.
Bizitzeko leku bat Euskal Herria.
Eta oporretara joateko beste bat Hondartza duen lekuren bat.
Zein izan da ikusi duzun azken filma Uste dut American Pie 6 izan dela.
Zerk tristatzen dizu eguna Neska-lagunarekin haserretzeak.
Eta alaitzen Entrenamendu on bat egin eta bertatik gustura irteteak.
Miresten al duzu inor Une honetan Cristiano Ronaldo.
Eta gorroto Ez dut inor gorroto.
Amets bat Alavesekin lehengo mailan jokatzea.
.

Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008