Ikasketak amaitu eta lan bila joan zen Eskoziara Olatz Esnal Andoain, 1984. Beharra topatzea kostatu zaion arren gustura dago.
"Erdigunetik mendira pauso batean hel zaitezke"
A Zer dela eta erabaki zenuen Eskoziara joatea
Duela urtebete, lizentziatura lortu ondoren, hurrengo kurtsoan zer egin jakin gabe geratu nintzen. Orduan pentsatu nuen: Andoainen geratu ordez lan egiten, zergatik ez gauza bera egin, baina ingelesa ikasiz Leku askotara joan nahi nuen, baina, azkenean, Eskozian amaitu dut. Bertan lagunak nituelako agian...
B Nolakoa da Edinburgo
Hiria bera oso polita da; harrizko eraikin ederrak ditu. Gaztelu ikaragarri bat hiri erdi-erdian, eta gehiago. Hirian bertan gainera, parke ikaragarriak eta mendiak daude. Erdigunean egonda ere, pauso batean mendira joan eta lasai-lasai egon zaitezke
C Eta Eskozia oro har, aldez aurretik espero zenuena bezalakoa da
Ezin diot galdera horri erantzun on bat eman. Izan ere, hona etorri baino lehen ez nuen ezer espero. Ez nuen pentsatu nolakoa izango ote zen hiria. Bakarrik esan dezaket oso gustura nagoela.
D Zer gustatu zaizu gehien eta zer gutxien
Buff!! Ez dakit! Gutxien, eguraldia. Hotza, haizea, euria..., nazkagarriak dira. Eta hori, udaberrian! Gainera oso aldakorra da: goizean eguzkia, handik orduerdira euria, berriz eguzkia, gero elurra, eta horrela egun osoa. Nekagarria da. Gehien gustatu zaidana... ez dakit zer esan. Agian, asko gustatu zaidan gauza bat zera da: hemen jendea edozein modura jantzita joaten da, oso janzkera bitxiekin, egia esan. Baina kaletik inork ez dio inori begiratzen, han ez bezala. Jarrera hori asko gustatu zait.
E Zer izan da gogorrena Lagunak egitea Lana topatzea
Gehien kostatu zaidana lana topatzea izan da. Curriculumak botatzen ibiltzea egunero ez da batere atsegina! Etxea topatzea ere ez da erraza. Hemen pisuak oso garesti daude, eta pisu on bat, prezio onean aurkitzea... ia ezinezkoa! Lagunak egitearena ez da hain zaila izan. Etorri nintzenerako lagun bat banuen hemen, hilabete batzuk zeramatzana, eta bere lagunak eta bere pisukideak ezagutu nituen.
F Zer eramango zenuke Euskal Herritik hara Eta, alderantziz, zer ekarriko zenuke handik
Inongo dudarik gabe, hango parranda! Hemen gaueko hiruetan dena itxita dago. Gainera, klubetara sartzeko sarrera ordaindu behar da, eta edaria oso garestia da. Oraindik ez dut parranda onik egin hemen. Janaria ere ekarriko nuke, hemen oso gaizki jaten dute eta. Hemendik Euskal Herrira... ez nuke ezer eramango. Oso ondo dago dagoen bezela!
G Gomendatuko al zenuke Zergatik
Dudarik gabe, bai! Guztiok bizi beharko genuke halako zerbait. Etxetik kanpora joan, beste herrialde batera, beste hizkuntza batekin..., beti ikasten da zerbait.
Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008