Blog berezia dute Ordiziako Jakintza ikastolan. Besteak beste, EGA prestatzeko tresnak eskaintzen ditu
Pizgarri elektronikoa
Batxilergoan EGA Euskararen Gaitasun Agiria ateratzeko garaia ailegatzen da. Nor-nori-nork, baldintzak, berridazketak... behin eta berriz ariketak eta ariketak. Erraza da motibazioa berehala galtzea. Horri aurre egin nahian, Ordiziako Gipuzkoa Jakintza ikastolako Maite Goñi irakaslea buruari eragiten hasi zitzaion eta pentsaezinezko emaitzak lortu ditu: «Euskaljakintza egitasmoaren helburu nagusia euskarazko irakurmena, idazmena eta ahozkotasuna kilikatzea da, baina baita ikasbide aktiboa eta talde lana bultzatzea ere. Euskara eta teknologia berriak uztartzeko zerbait sortu beharra zegoen, eta uda oso bat pentsatzen aritu eta gero, blog bat sortzea bururatu zitzaidan. Zalantzarik gabe ikasleentzat pizgarri ikaragarria dela erakutsi digu denborak».
www.euskaljakintza.com helbidean klik eginez gero, EGA ateratzeko ahalegin horretan dabilen orok material ugari topa dezake: gramatika lantzeko ariketak, hiztegiak, arauak... Maite Goñi irakasleak webgunearen nondik norakoen berri eman dio matraka-ri: «EGAko azterketa prestatzeko material ugari sortzeaz gain, ikasleek euskal gizarteko hainbat esparrutako pertsona ospetsu ugari elkarrizketatu dituzte, hala nola Jon Maia bertsolaria, Aimar Olaizola eta Abel Barriola pilotariak, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea… Lan horiek guztiek oihartzun handia izan dute euskal blogosferan, eta ikasleak oso motibatuta daude ikasturte osoan beren onena ematen jarraitzeko». Hasiera batean ikasleentzat sortutako txokoa bazen ere, edonori irekia dago: «Oihartzun handia izaten ari da, gainera. Euskaltegiek erabiltzen dutela badakigu eta horrek asko pozten gaitu». Hortaz, egindako lanak ez dira ikastolan soilik geratzen.
Ideia sortu zenetik hiru urte pasa dira jada, eta urtetik urtera gauza berriak sartzen eta webgunea berritzen joan dira: «Pixkanaka-pixkanaka beste elementu batzuk sartu ditugu: elkarrizketak, erreportajeak... Ikasleak ere aldatu egiten dira urtero eta bestelako gauzak sartzen joaten gara, webgunea osatuz. Webgunea bera ere aldatu dugu».
Aldaketak onerako izan ohi direla eta, sari batzuk ere irabazi ditu Euskaljakintzak. Guztira hiru sari izan dira. Azkena aurten jaso dute: «Digital Vasca SLk antolatzen duen lehiaketan, pertsonen edo elkarteen webgune onenaren kategorian saritu gaituzte. Lehiaketa honen helburua Internet sustatzea da eta baliabide honen bidez jarduerak garatzen dituztenen lanen kalitatea eta ahalegina aitortzea. Euskaljakintzaren kasuan, era eraginkor edota berezian intereseko komunitate bati edukiak edo zerbitzuak eskaintzea saritu nahi izan dute epaimahaikoek», esan du Maite Goñik. Baina, esan bezala, ez da eskuratu duten sari bakarra: «Hirugarren ikasturtea da Euskaljakintzarentzat, eta ibilbide honetan lehenago ere saritu izan dute gure bloga. Lehen urtean, esaterako, Euskalitek antolatutako Kudeaketa Jardun Onenen II. Topaketetan bigarren saria eskuratu zuen, eta iaz estatu mailako Premio Espiral Edublogs 2007 delakoa irabazi zuen». Aitorpen ugari, beraz, Jakintza ikastolako euskara irakasgaiko irakasle eta ikasleentzat.
Ikasleak ere pozik daude, eta ez sariengatik soilik. Hori dela eta, Ordiziako Jakintza ikastolan bide beretik jarraitu asmo dute, pixkanaka berrikuntzei lekua eginez: «Blogak ohiko ikasliburua ordeztu du azken hiru ikasturte hauetan. Hori pizgarri garrantzitsua izan da ikasleentzat». Irakaslearen ustez, bloga oso tresna egokia da hizkuntzak lantzeko. «Edukiak jorratzeaz gain, ikasleak idazle-kazetari bihurtu ditu. Artikuluak argitaratzen dituzte eta badakite kanpoan ere irakurleak dituztela. Aurki.com eta Gaur8 atarietan azaltzen da, adibidez, guk argitaratutako oro, eta kanpotik ere erantzunak jaso ohi ditugu. Gainera, ikasleek proiektua bere egin dute eta hori oso pozgarria da niretzat». Maite Goñi irakaslea lanean jarraitzeko gogotsu dago aurrera begira ere: «Gizarte dimentsio honek, aparteko motibazioa emateaz gain, arduratsuago bihurtu ditu: euskara egokia erabiltzen saiatzen dira eta blogean sartutako baliabideak erabiltzen dituzte —Hiztegi Batua, sinonimoak, euskara-gaztelania hiztegiak, antolatzaileak...—. Hala ere, arlo honetan oraindik badago zer landu!»
Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008