Matraka.info

Gazteok matraka egitera goaz!

musika

[]

Azken osteguna, euskal osteguna

Azken osteguna, euskal osteguna

Urtero bezala, jende oldea bilduko da Arabako Campuseko euskararen aldeko musika jaialdian

Gasteizko ikasle ostegunak famatuak dira euskal ikasleen artean, baina biharkoa ohikoa baino indartsuagoa izango da: Arabatakada '08 ospatuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko ikasleek. Aurten zortzigarren aldia izango da, eta Mendizabalan leku hartuko duen musika ekitaldi indartsuaren pean osatu dute egitaraua. Halere, ekimenaren hasierako helburuari eusten diote, «jaialdiaren helburu nagusia da Arabako campusean euskararen presentzia bultzatzea», Aitzol Kortabitarte Filologiako ikasle eta Arabatakadako antolatzaileetako batek argitu duenez. Horren erakusle garbia da jaialdian bildutako dirua euskararen aldeko eragileei emango diotela, orain artean urtero-urtero egin duten eran.
Urterik urte indartuz eta jende gehiago bilduz joan da campuseko euskaltzaleek antolatzen duten jaialdia, eta azken bi-hiru urteetan gorakada handia izan du festak. Zehatz-mehatz, aurreko urtean 4.000 lagun inguru bildu ziren egun osoan.
Egia da azkenaldion Arabatakada ikasleen urteko azken osteguneko festa bihurtu dela eta helburu nagusia, euskararena, alegia, itzalean geratu dela. Baina antolatzaileek garbi dute zein den beren xedea: «Guztia euskaraz antolatzen dugu eta jai lekuan, ahal den heinean, euskaraz egitera bultzatzen dugu. Egia da campuseko errealitatea beste bat dela, baina guk gure aletxoa jarri nahi dugu», azpimarratu du Aitzolek.
Aurten ere arrakasta lortzeko asmoz antolatu dute jaialdia, aurreko urteetan bildutako emaitzei heltze aldera. Egitarauak, bederen, ez du inolako aitzakiarik, musika eskaintza oparoaz gauzatu baitute antolatzaileek. Besteak beste, Betagarri eta Berri Txarrak izango dira kartel buruak eta, horiekin batera, Kobra, Sarkor eta Xasta taldeak ere ariko dira. 18:00etan hasitako dira kontzertuak ematen, baina goizean ere izango da zer entzunik. 12:00etan, jaialdiari hasiera emateko, Harrika eta Kuber taldeek joko dute: bi talde horietan Arabako campuseko zenbait ikasle aritzen dira.
Euskara, musika eta festa dira euskararen aldeko jaialdi honen oinarri, eta antolatzaileek musikaz eta festaz gozatzeko osagarri guztiak prestatu dituzte: jan-edana, zer bestela.

200 LAGUNDIK GORA BAZKARIAN. Goiz parteko kontzertuen ostean, herri bazkaria antolatu dute, eta txartel guztiak, 200 inguru, saltzen jarri eta egun gutxira xahutu ziren. Halere, berantiarren lasaimenerako, «momentuan datozenei harrera egiten saiatuko gara, txosnan ogitartekoak eta gehiago ere prestatuko baititugu», argitu du Aitzol Kortabitartek. Gainera, antolakuntzak ez ditu barazki jaleak ahaztu, eta menu begetarianoaz gozatu ahalko dute hala eskatu dutenek. Hornikuntza osatzeko bi agertoki, txosnak eta gehiago ere prestatuko dituzte.
Bestalde, jaialdira urtero datozenek berrikuntza nabarmena antzemango dute: aurten campus ingurutik Mendizabalako gunera pasatuko da festa. Azken urteetako jende oldea ikusita, unibertsitateak estu hartu dituzte antolatzaileak eta ekitaldia beste leku batean egitera bultzatu dituzte. Izan ere, «etxebizitzaz inguraturik dago campusa eta burrunba handia sortzen da», arrazoitu du Aitzolek. Antolatzaileek campusaren aukera nahiago zuten, bertoko xarmari eusteko, baina kokaleku berriak abantailak ere badakartzala onartu dute. Besteak beste, festak gauerditik aurrera jarraituko du aurten, orain arte ezin egin bezala.
Jaialdiaren antolakuntzari dagokionez, campuseko Ikasle Kontseilukoek jardun dute lanean. Kontseilua Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campuseko fakultate guztietako kideek osatzen dute. Hain justu, zazpi fakultate daude denera: SHEE, Filologia, Farmazia, Peritoak, Gizarte Lana eta Irakasletza. Kontseiluarean barruan, jaialdiaren antolatzaile moduan fakultate bakoitzeko bizpahiru lagunek osatutako taldea aritu da lanean.



KONTZERTUAK

12:00etan. Harrika eta Kuber
18:00etan. Berri Txarrak, Betagarri, Xasta Kobra eta Sarkor.
.

Matrakarekin harremanetan jarri nahi baduzu idatzi mezu bat matraka@matraka.info helbidera
© matraka.info 2008